'Akondiako metrailadore-habia' maketa aurkeztuko da igandean Arraten

2015/12/11

Urte hasieran irekitako Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroko bilduma osatuko duen maketa berria aurkeztuko du Eibarko Udalak datorren igandean, abenduak 13, eguerdiko 12:00etan, Arraten. 1936ko iraila eta 1937ko apirila bitartean, Akondian, borrokan aritu zen bando errepublikarraren metrailadore-habia bat irudikatzen du maketak.

Maketarekin batera, Eibarko kultur ondarea, batez ere, Gerra Zibileko Eibarko Frontearen Interpretazio Zentroa ezagutarazteko asmoz ekoitzi berri den bideo grabaketa eta Interpretazio Zentroko kanpo ibilaldiaren osagarri den mobil aplikazioa aurkeztuko dira. Jesús Gutiérrez, José Luis Valenciaga, Paco eta Bernardo Pérez Güenaga adituek eskainiko dituzte azalpenak.

Arrateko Aterpetxearen barruan kokatua dago Gerra Zibileko Eibarko Fronteari buruzko Interpretazio Zentroa, eta, bere helburua, Arrate aldeko balio turistikoa nahiz historikoa nabarmentzea da. Igandero irekitzen ditu ateak, 11:30etatik 13:30etara.