'Heroiak' antzezlana hartuko du Coliseo Antzokiak gaur, hilak 22

2016/02/22
Joxe Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre aktoreak dira Txalo Produkzioak konpainiak -20:30etik aurrera- aurkezten duen lanaren protagonistak.

Txalo Produkzioak konpainiak 'Heroiak' antzezlana eskainiko du gaur, hilak 22, Coliseo Antzokian, 20:30ean. Bertan, Joxe Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre aktoreak izango dira. Eibarko Antzerki Jardunaldien 39. edizio honetan Txalok eskaintzen digun Gérald Sibleyrasen Héroes komediak 2006ko Komedia Berria hoberenaren aipamena jaso zuen Laurence Olivier Sarietan eta horrez gain, estreinatu den antzoki guztietan ikuslego eta kritikaren oniritzia jaso izan du.

Argumentuan Lehen Mundu Gerrateko hiru soldadu beterano aurkituko ditugu asper-asper eginak ospitale militar batean. Hitz-jario biziak aspaldi ahaztutako kanpaina militarrak gogorarazteko, hitz-aspertuak, bizitzari buruzko hausnarketak… den dena irribarre eta barre algaraz hornitua. Euskal antzerkigintzako zuzendari paregabea, hiru antzezle handi eta Txalo konpainiaren kalitatezko ekoizpen baten aurrean aurkitzen gara. Sarrerak 12 eurotan egongo dira salgai.

Bi hamarkada lanean

Txalok bi hamarkada darama ekoizten eta zabaltzen mota desberdinetako ikuskizunak: drama, misterioa, komediak, haur antzerkia, musikalak, ondorioz ikuslegoaren onespena jasotzeaz gain, antzerkigintza munduko hainbat sari eta laudorio jason izan ditu. Bere ekoizpenen artean aipatzekoak dira: La ratonera, El hombre que confundió a su mujer con un sombrero, Arte, La huella edo El Método Gronholm, gehienak Jardunaldietan antzeztuak.

'Heroiak' antzezlana hartuko du Coliseo Antzokiak gaur, hilak 22

Ramon Agirre, Kandido Uranga eta Joxe Ramon Soroiz (ezkerretik eskumara).