Guinnesserako prestakuntzak primeran doaz

2017/06/12

Ekainaren 22an Guinness errekorra gainditzeko saiakera egingo da Eibarren. Pare bat aste geratzen dira Akebai Guinnessaren ekitaldirako, eta prestakuntza guztiak oso ondo bideratuta daude dagoeneko.

Alderdi teknikoa erabat itxi ondoren, aste honetan ekitaldiaren aurkezleak ere finkatu ditugu. Ylenia Baglietto aktorea eta Haritz Lete musikaria izango dira ekitaldia aurkeztu eta gidatuko dutenak. Gainera, DBHko ikasleekin ere hasi dira entseguak, eurak izango direlako ekitaldian zehar protagonismo berezia izango dutenetako batzuk.

Prestakuntza teknikoetatik aparte, izen-emateak ere oso erritmo onean doaz. Eibarko 75 taldek baino gehiagok eman diote euren atxikimendua ekimenari. Elkarteak, enpresak, ikastetxeak, alderdi politikoak,... Eibarren Akebai plataformak bultzatutako Guinnessaren ekitaldia babes zabala ari da jasotzen Eibarren. Dagoeneko ia 2.000 pertsona daude apuntatuta Guinnesserako, eta antolatzaileek uste dute azken txanpan lortuko dela aurreikusitako jende kopurua. 2.500 pertsona elkartu behar dira oraingo Guinness errekorra (Dubaik daukana) gainditzeko.

Bitartean, auzoetan ere prestakuntza lanetan ari dira. 100 pertsona baino gehiago ari dira auzoetako parte-hartzea antolatzen eta koordinatzen. Guinnessaren egunean ere, 100 pertsona inguru ibiliko dira ekitaldia koordinatzen, eta partaideak gidatzen.

Informazioa herritarren artean zabaltzeko, guztia online ere ari dira jartzen ondorengo helbideetan: www.akebai.eus webgunean eta Facebooken
(https://www.facebook.com/EibarrenAkebai/ ). Portalean ere jaso daiteke informazio gehiago, 2. solairuan, arratsaldeko 6etatik 8etara. Edo email honetan: eibarrenakebai@gmail.com.

Hortaz, ekainaren 22an gainditu nahi dugun Guinness errekorrerako prestakuntzak primeran doaz. Oso pozik daude antolatzaileak jasotako harrera
beroarekin eta eibartarren inplikazio eta parte-hartzearekin. Aupa Eibar! Lortuko dugu!