Eibarko Udalak Apraiz familiak egindako dohaintza aurkeztuko du gaur, hilak 4

2015/12/04
Armetan aditua eta tiroko kirolari ezaguna izandako Jose Luis Apraizen arma bilduma dohaintzan jaso du Eibarko Udalak. Familiari ekarpena eskertzeko asmoz, ostiral honetan, arratsaldeko 19:00etan, Santa Barbara egunez, aurkezpen ekitaldia egingo du Armagintzaren Museoan.

Gaur, hilak 4, Jose Luis Apraizen familiak Eibarko Udalari egin dion dohaintza aurkeztuko da Portaleako 5. solairuan kokatuta dagoen Armagintzaren Museoan. Hamaika piezek osatzen dute ekarpena eta horietatik hamar, museoko arma erakusketa iraunkorrean ikusgai egongo dira, 2016ko abendua bitartean.

Eibarko Udalaren jabetza den Armagintzaren Museoak gisa honetako dohaintza ugari jaso ditu azken urteetan. Kasu honetan, XX.mendeko balio handiko arma multzoa da Apraiz familiak eman duena: lau errifle; Cetme C, Ak-47 FEG, Colt Ar-15, Savage Tactical 308 Win motakoak, BOPE markako ehizerako eskopeta bat, eta sei errebolber; Star 31 P 9, Ruger GP-100, Ruger Redhawk, ASTRA SPS, Sig Sauer Mosquito, Freedom Arms 454 Casull.

Gaurko eguna, Santa Barbara Eguna izanik, museoko sarrera doakoa izango da. Gaurtik aurrera, berriz, ohiko ordutegian izango da pieza hauek ezagutzeko aukera, hau da, asteazkenetik larunbatera, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara, eta igandeetan, aldiz, goizeko 10:00etatik 13:00etara.

Eibarko Udaleko eta Armagintzaren Museoko ordezkariek eta Jose Luis Apraizen familia nahiz lagunek parte-hartuko dute ekitaldian eta publiko orokorrari irekia dago.

Informazio gehiago www.armia-eibar.eus webgunean edo 943708446 telefonoan.