Eibarko Udal Artxiboak berreskuratu egin du Errepublika Aldarrikatzeko Aktaren testu osoa eta 1931ko apirilaren 14ko goizean irakurri zen Bandoa

2016/04/14
1931ko apirilaren 14an, goizeko seietan, Alejandro Telleria buru zutela, zinegotzi hautetsiek kargua hartu zuten bilkura publikoan; eta, Alfonso XIII.a Borboikoaren erretratua kendu eta haren lekuan Galán eta García Hernandez kapitainen erretratua jarri ondoren, Errepublika aldarrikatu zuten, eta sosegu publikoaren berme izango zen ordenamendu berria eraikitzeari ekin zioten.

Horrela hartu zien aurrea Eibarrek estatuko gainerako hiriei eta hiriburuei, eta garai berri bati hasiera eman zion: herriak sentitu zuen gai publikoetan parte aktiboa hartu zezakeela, gizarteari axola zioten kontuei buruz erabaki zezakeela.

Aldarrikapen eguneko gertakariak, orain arte, ezagunak ziren haien lekuko eta protagonista zuzenak izan zirenen testigantzari esker: Toribio Etxebarria, Balentín Gesalaga, Benigno Bascaran, Cándido Eguren, Gloria Lizundia, Victor Lecumberri “Otxabiña”, Alejandro Lizarriturri, Dolores Tolosa, Salvador Marzana, Secundino Loidi, Margarita Murgizu eta beste asko. Baina ez genuen oroitzapen horiek baliotzeko dokumentu-euskarririk; izan ere, Udal Artxiboak gordetzen duen Errepublika sasoiko lehenengo akta apirilaren 16koa da, hau da, Errepublika aldarrikatu eta bi egun geroagokoa.

Hartara, dokumentu honekin, idatzi zen jatorrizko akta ez bada ere, herriaren historian hain garrantzitsua izan den mementoa berreskuratu dugu: apirilaren 12ko hauteskundeetatik sortutako udal berriak Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen egunean adostu eta sinatu zuen testua.

Dokumentuaren hitzak Josu Ibargutxi eibartarraren ahotsarekin datozkigu.

Eibarko Udal Artxiboak berreskuratu egin du Errepublika Aldarrikatzeko Aktaren testu osoa eta 1931ko apirilaren 14ko goizean irakurri zen Bandoa

1931-04-14. Udaletxeko balkoian Errepublikako bandera ipintzen.

etiketak: