Eibarko Museoak ekintzaz beteriko eguna antolatu du, Santa Barbara eguna dela-eta

2016/12/02

Igandean, armaginen patroiaren egunean, dohainik izango diren bisita gidatuak eta txikientzako tailerra “Santa Barbararen Burrundara”.

Eibarko Armagintzaren Museoak ekintza desberdinekin ospatuko du Santa Barbara eguna, armaginen patroia. Ekintzok Portaleko museoan bertan egingo dira igande honetan, abenduak 4, eta bisitariak dohainik joan ahalko dira.

Izan ere, eta Eibarko museoa ezagutzera emateko, biltegietara eta fondora bisita gidatuak antolatu dira “museoaren arima” ezagutzera emateko eta txikientzako tailer bat egingo da. Ekintza hauek guztiak dohainik izango dira, 10:00etatik 13:00etara, Museoa jendearentzat irekita egongo den ordutegian.

Bisita gidatuak 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan eta, gehienez, 10 pertsona onartuko dira txanda bakoitzean. Azalpenak erderaz izango dira. Parte hartzeko, izena eman behar da 943708446 telefonoan edo museoa@eibar.eus helbidearen bitartez.

Txikientzako tailerra “Santa Barbararen Burrundara” ordutegi etengabean egingo da 10:30etik 13:00etara. Tailerra ele bietan izango da eta, asko jota, 20 pertsona joan ahalko dira. Parte hartzeko, bisita gidatuen kasuan bezala, 943708446 telefonora deitu behar da edo museoa@eibar.eus helbidearen bitartez izena eman.