Bihar asteartea izango da Juan Pablo Fusi historialaren “Reflexiones sobre la guerra civil” hitzaldia

Bihar asteartea izango da Juan Pablo Fusi historialaren “Reflexiones sobre la guerra civil” hitzaldia

Akondia aldea gerratean, lur zakuak non-nahi. Argazkia: Indalezio Ojanguren. Eibarko Udal Artxiboa-Archivo Municipal de Eibar

2017/04/24

Eibarko Coliseoan, iluntzeko 7,30etan emango duen hitzaldiaren muina, historialariak berak adierazitakoa, hauxe da: “Gerra zibilak erabat astindu zuen mundua, zuen esanguragatik astindu ere: herri-erresistentzia jarki zitzaiolako kolpe militarrari. Gerra ez zen izan, inola ere, inozokeria, Espainiarentzako porrot historiko tragikoa baizik.”

Fusi irakasleak Eibarren emango duen hirugarren hitzaldia izango da hau: aurrena 1986an eman zuen, Toribio Etxebarriaren jaiotzaren mendeurrenean; hurrena 2001ean, Errepublikaren aldarrikapenaren 70. urteurrenean, Paul Preston historialari ingelesarekin batera.

Juan Pablo Fusi Aizpúrua (Donostia, 1945). Oxforden ikasi zuen, Raymond Carr irakaslearekin. 1976 eta 1980 bitartean, unibertsitate horretako St. Antony's College-eko Iberiar Ikasketen Zentroko zuzendaria izan zen. Historian doktorea, Oxfordeko Unibertsitatean (1974) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1979). Irakasle bisitari izan da Madisongo Unibertsitatean (Wisconsin). Gaur egun, Historia Garaikideko katedraduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1988). Aurretik, Kantabriako Unibertsitatean (1982-1986) eta EHUn (1986-1988) ibili zen klaseak ematen.

Liburu asko kaleratu ditu. Hona hemen batzuk: España de la dictadura a la democracia (Raymond Carr-ekin, 1979); El País Vasco. Pluralismo y nacionalidad (1983); Franco, autoritarismo y poder personal (1985); España 1808-1996. El desafío de la modernidad (Jordi Palafox-ekin, 1997); España, la evolución de la identidad nacional (1999); Un siglo de España. La cultura (2000); La patria lejana. El nacionalismo en el siglo XX (2003), Identidades proscritas. El no nacionalismo en sociedades nacionalistas (2006); Por la independencia. La crisis de 1808 y sus consecuencias (2008;) Historia mínima de España (2012); Breve historia del mundo contemporáneo. Desde 1776 hasta hoy (2013);  Historia de la nación y del nacionalismo español (2013); El efecto Hitler. Una breve historia de la Segunda Guerra Mundial, Barcelona, (2015).

Espainiako Liburutegi Nazionaleko zuzendaria izan zen (1986-1990); halaber, Ortega y Gasset Unibertsitate Institutuko eta Ortega y Gasset Fundazioko zuzendari akademikoa. Ikastaro asko eman ditu, eta hainbat batzarretan hartu du parte, bai estatuko unibertsitateetan, bai nazioartekoetan.

Beste aipamen askoren artean, Espainiako Ispilua Saria (1976); Saiakerako Europako Montaigne Saria (2001) eta Julián Marías Saria (2008) jaso ditu. Fusi irakaslea Historiako Errege Akademiako kide izendatu zuten 2015ean eta Jakiundeko kide 2016an.

Iturriak: Jakiunde; Historiako Errege Akademia.

etiketak: egoibarra