eRakurleak, eLiburutegiko euskal literaturaren irakurketa talde digitala aurkeztu zen Portalean

2016/01/12

"Harixa emoten" Eibarko irakurle taldeko saioa aprobetxatuz, eRakurleak proiektua aurkeztu zuten hilaren 11n talde honetako kide batzuek.

2015/2016 ikasturtean abian jarri da eRakurleak, eLiburutegiko euskal literaturaren irakurketa talde digitala. eRakurleak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak Euskal Idazleen Elkartearekin elkarlanean gauzatutako proiektua da. Irakurketa digitala eta euskal literatura ditu oinarri ekimen honek.  E-rakurleak taldearen gidaria Goiatz Labandibar da.

Taldearen etxea bloga  da, eta bertan jasotzen da egitasmoarekin zerikusia duen guztia: http://liburutegiak.blog.euskadi.net/e-rakurleak/ .  Horretaz gain, irakurketen inguruko berriak, komentarioak eta ariketak bideratzeko Twitter kontu bat ere badago: @erakurleak. Facebook-en ere jarraitzerik dago irakurketa taldea.

Edonork eman dezake izena eRakurleak taldean eta harremanetarako eta izen-emateko, posta elektroniko hau zabaldu da: erakurleak@gmail.com.

Irakurketa taldearen ekintzak 9 hilabetez luzatuko dira, urrian hasi eta ekainean bukatuz eta edozein momentuetan eman daiteke izena taldean parte hartzeko.

Liburu-hautaketa egiterakoan generoen arteko oreka mantentzen saiatu gara: eleberria, ipuina, poesia… Hautatutako liburu guztiak eskuragarri egongo dira e-Liburutegian eta zerrenda blogean dago kontsultagarri.

Taldearen dinamika honakoa da:

Hilero liburu bat irakurtzen da.

Hilaren hasieran liburuak bere ibilbidea hasten du, eta blogean argitaratzen dira:  idazleari buruzko informazioa, liburuak jaso dituen kritiken bildumatxoa, liburuarekin lotuta egon daitezkeen kantak, egileari egindako e-rantzuten! testa. Hilaren amaieran dinamizazio ekintza sorta zabaltzen da parte hartzea eskatuz. Ekintza horiek modu digitalean burutzen dira, blogaren eta Twitter kontuaren bitartez.

Urtarrilean Inazio Mujikaren “Gerezi denbora” irakurtzen ari da taldea, eta, gainera, Eibar eta Beasaingo irakurketa taldeekin batera arituko da elkarlanean, talde hauek ere liburu bera irakurriko baitute hil honetan.

Urtarrilaren 11ean Eibarko Juan San Martin Liburutegiko “Harixa emoten” irakurketa taldeak “Gerezi denbora” liburuaren inguruan antolatutako saioa ospatu du.  Saioa Antxon Narbaizak zuzendu zuen eta bertan egon zen Inazio Mujika bera. eRakurleak taldeko kide batzuk ere bertan egon ziren, “Gerezi denbora” liburuaz hitz egiten eta proiektuaren berri ematen.