Armagintzaren Museoak 'Eibar Motorraren Mundua' erakusketa hartuko du otsailaren 11tik martxoaren 5era bitartean

Armagintzaren Museoak 'Eibar Motorraren Mundua' erakusketa hartuko du otsailaren 11tik martxoaren 5era bitartean

www.armia-eibar.eus

2017/02/10

Erakusketak pilotuak, antolatzaileak eta babesleak omendu nahi ditu eta baita, nola ez, bost hamarkada hauetan hemen antolatu diren txapelketa desberdinetan parte hartu duten kirolari eibartarrak eta gaur egun ere motorren soinua itzali ez dadin borrokan jarraitzen dutenak ere.

Eibarko Armagintzaren Museoak 'Eibar Motorraren Mundua' erakusketa inauguratuko du bihar larunbata, otsailak 11, 12:30ean, Lehiaketako Automobilismo eta Motoziklismo munduari buruzkoa eta horrek industria eibartarrarekin izan duen loturaren gainekoa. Otsailaren 11n ateak irekiko dituen erakusketak pilotuak, antolatzaileak eta babesleak omendu nahi ditu eta baita, nola ez, bost hamarkada hauetan hemen antolatu diren txapelketa desberdinetan parte hartu duten kirolari eibartarrak eta gaur egun ere motorren soinua itzali ez dadin borrokan jarraitzen dutenak ere. Erakusketa honako ordutegian egongo da zabalik: asteartetik larunbatera, 16:00etatik 20:00etara eta igandean 10:00etatik 13:00etara.

Larunbateko erakusketak honako aurkezpen hauek bilduko ditu:

  • Escudería Eibar 2017 taldearen eta Efrén Llanera, Iñaki Narbaiza eta Txutxi Perez pilotuen aurkezpena.
  • Aitor Montero pilotuarekin motoziklismo denboraldiaren aurkezpena.

Arrateko I. Igoera

60ko hamarkadako Eibar industrialean, gizartearen motorizazio prozesuan bete-betean sartuta eta auto eta motozikletentzako osagaiak fabrikatzeaz arduratzen ziren hainbat eta hainbat industria zeuden garaian, ez zen batere pentsaezina motordun ibilgailuen lehiaketaren bat antolatzea. Are gehiago, gure hiriak kirol-ekitaldiak antolatzeko duen gaitasuna kontuan hartuta, batez ere, txirrindularitza. Horrela, aitzindari askoren ahaleginari esker, antolatu zen 1968an Arrateko I igoera. Orduko hartan, hainbat pilotu eibartarrek hartu zuten parte eta automobilgintzako gure hiriko zenbait enpresak ere babes handia eman zioten. Ordutik, etengabeak izan dira urte hauetan guztietan zehar motorraren inguruko lehiaketak. Erreferentea Arrateko Auto Igoera izan bazen ere, motoen igoera ere antolatu izan da eta baita rally eta rallysprint ezberdinak ere. Horietako askok Eibarren izan dute erdigunea; beste batzuetan, bertatik igaro zaizkigu inguruetan antolatutako konpetizioak.