Antzerki Jardunaldien 39. edizioa emaitza onekin amaitutzat emango da

2016/03/16

Orain arte, 6.000 pertsona inguru azaldu dira 20 konpainia ezberdinen 22 antzezlanak ikustera.

Eibarko Antzerki Jardunaldien 39. edizioa amaitzeko antzezlan bakarra falta den arren, orain arteko balorazioa positiboa da, arduradunen hitzetan. Orain arte, 6.000 pertsona inguru azaldu dira 20 konpainia ezberdinen 22 antzezlanak ikustera. Edizio berri honetan proposamen iradokitzaile eta estilo ezberdinetako lanak aurkeztu dira, eta horietako askok Coliseo Antzokiaren eta Hezkuntza Esparruaren auditorioak bete dituzte: Faemino eta Cansadoren bi obrak, esaterako, eta Verónica Forqueren "Buena gente" bi antzezlanetako bat. Halaber, "Chihuahua Cabaret”,  "La magia de Yunke" eta "Páncreas" obrek harrera ezin hobea izan dute.

Bestalde, euskal antzerkia edizio honetako faktore garrantzitsu bihurtu da. Adibide gisa, 'Pankreas' eta 'Heroiak' antzezlanak izan dira, biak ere, herritarren gustukoak izan baitira.

Aurtengo jardunaldien aurrekontua 260.000 eurokoa izan da eta 57.000 euro inguru sarreren salmentarekin berreskuratu dira (% 55a kutxatilategietan eta beste % 45a Internet bidez).

‘Etxekoak’, edizio honetako azken antzezlana

Eibarko Antzerki Jardunaldien 39. edizioa amaitutzat emateko Coliseo Antzokiak gaur, hilak 16, Artedrama konpainiaren 'Etxekoak' antzezlana hartuko du, 20:30ean. Aipatutako konpainia drama, antzerkia eta artearen esparruan hizkuntza berriak ikertu eta garatzeko asmoarekin jaio zen.

Flores de Babilonia estreinatu eta zazpi urtetara, bere sortzailea, Jon Gerediaga eta bere zuzendaria, Ander Lipus, berriro elkartzen dira Etxekoak sortzeko. Immigrazioari buruzko istorio hau ez da etorkinaren ikuspuntutik kontatzen, baizik eta kanpotarra hartuko duen familiarenetik eta biziko den tokiko hiritarrenetatik, asken finean, gure ikuspuntutik. Horregatik etxea izango da istorioaren protagonista.

Etxekoak Ander Lipusen bizipen pertsonal batetik jaiotzen da. Beste lurralde batetik pertsona bat ekartzeak suposatzen dituen zailtasunetatik, berdin direlarik ekonomikoak, zein burokratikoak izan. Esperientzia hau oinarri bezala hartuta, antzezlan honetan egungo estatu eta gizarteak sortzen joan diren lege eta muga zentzugabeak kolokan jarriko dira. “Etxekoak”, “kanpokoak“ dikotomiaz baliatuko dira immigrazioaren arazoa lantzeko eta historiak erakusten digun bezala, arazo zaharra bezain berria, atzokoa bezain gaurkoa.