AKEBAI herri plataformaren Batzarra eratu da

AKEBAI herri plataformaren Batzarra eratu da

Argazkia: Asier Sarasua.

2017/09/21

Atzo asteazkena, irailak 20, eratu zen AKEBAI herri plataformaren Batzarra, eta hori izango da hemendik aurrera erabakiak hartzeko gunea. Eibarren AKEBAI sortu zen Euskararen Plan Estrategikoa (2016-2025) martxan jarri eta 10 urtean zehar garatzeko.

Eibarko Udalak EMUN enpresaren bidez eta herritarren partaidetzaren bitartez egin zuen Eibarko Euskararen Plana, eta lan horretan jardun zuten herritarrek osatutako foroa izan zen AKEBAIren sorburua.

Planaren helburua, 10 urterako, Eibarko ume eta gazteen eremua euskaldunagoa izateko inguruko eragileak aktibatzea eta saretzea da. Eibartarron esku dago hori lortzea, eta bide horretan Udala izango dugu lagun.

10 urteko bidaia horri ekiteko sortu da, beraz, Eibarren AKEBAI; helburu hori lortzeko aktibatutako herritarrek eta Udalak osatzen dute AKEBAI; irekia, anitza, ausarta, baikorra da AKEBAI; proiektu handia, aberasgarria, ausarta, parte-hartzailea da AKEBAIrena; elkarlana, aniztasuna, ilusioa, erronka ditu berarekin AKEBAIk.

Eibarren AKEBAIren filosofia eta egitasmoa ezagutzera emateko antolatu zen ekainaren 22ko Guinness errekor saiakera: ekitaldi irekia, anitza, parte-hartzailea, alaia, anbiziosoa izan zen, eta eibartar askoren ilusioa piztu zuen. Erronka handia zen 2.500 lagunek osatutako irudi eraldaketa egitea, baina Eibarrek erronka gainditu eta marka haustea lortu zuen.

Baina orain dator benetako erronka: Eibarko Euskararen Plan Estrategikoaren helburua lortzea: Eibar euskaldunagoa izatea.

Erronka horri ekiteko eratu zen atzo (asteazkena), irailak 20, AKEBAI BATZARRA, erabaki-gunea. Bertako kide izan daitezke egitasmo honekin bat egiten duten herritar guztiak, izan maila pertsonalean edota elkarte/erakunde baten ordezkari gisa.

Batzarra parte-hartzailea izango da, eta konfiantza giroa sustatuko du. Bere funtzioa: batetik, Euskararen Plan Estrategikoan zehaztutakoak modu sortzaile eta ezberdinean gizarteratzea; eta, bestetik, plan horren jarraipena egitea eta iritzi eta proposamenak ematea.

AKEBAI egitasmoak, batzar horretaz gain, AKEBAI EKIPOA, zuzendaritza lana egingo duena, eta alor ezberdinetako MAHAIAK ere izango ditu.

Orain arte, behin-behineko Ekipoa aritu da lanean, eta atzo aurkeztu zen hurrengo bi urteetan zeregin horretan jardungo duen taldea. Plana martxan jartzea eta horren jarraipena egiteaz arduratuko da, eta urteko kudeaketa-planaren diseinua eta jarraipena egitea izango du eginkizun nagusia.

Mahaiei dagokienez, hasiera batean honako hauek jarriko dira martxan: komunikazioa, transmisioa, kirola, kultura eta ekitaldiak. Hortik aurrera, nahi beste mahai sortuko dira, Kideek zehaztuko dituzten lehentasunen arabera.