2016ko “Dendariak eta ostalariak Berbetan” kanpaina aurkeztu da

2016/01/21

Berbetan mintzapraktika egitasmoak 2016. urteari begira bere egin duen mezua da '2016an euskera helburu!'. Urte hasierarekin batera asmo berri ugari jartzen dizkiogu gure buruari, eta zergatik ez, euskera ikasi, praktikatu eta berba egitea?

Berbetan egitasmoak urteak daramatza euskeraz berba egiteko zailtasunak dituztenei bide hori errazten, astean behin elkartzen diren mintzapraktika-taldeen bitartez. Azkeneko urteetan, gainera, hainbat adar atera dizkio: Gurasoak Berbetan eta Dendariak eta Ostalariak Berbetan. Azkeneko adar horren kanpaina berria, hain zuzen ere, eguaztenean, hilak 20, aurkeztu zena.

Aurkezpen-ekitaldian 2015. urtearen balorazioa egin zuten …eta kitto!-ko dinamizatzaileek. “Nabarmentzekoa da, 2015ean eman den hazkundea, ia 300 establezimenduk egin dute bat “Euskeraz Primeran!” kanpainarekin, 204 dendak eta 77 tabernak, hain zuzen ere.”

Azaldu dutenez, ez da erraza horrenbeste establezimendu izanda, bakoitzari arreta pertsonalizatua eskaintzea, eta edozein zabalkunde (materiala, informazioa, izen-emateak…) egitea.

Tabernari zein dendarien aldetik balorazioa positiboa da eta bereziki nabarmendu dituzte eurentzat propio eskainitako jarduerak: gilda-lehiaketa, opariak biltzeko pakete originalak egiten ikasteko ikastaroa...

Eibar Merkatalgune Irekitik adierazi dutenez, euskararekiko sentsibilizazioa sumatzen da: “Gaur egun dendari jarduteko lanpostuetan ezinbesteko baldintza izaten da euskaraz jakitea.”

2016rako helburuak:

  • Datu-bilketa zehatza: establezimendu bakoitzaren euskararekiko egoeraren azterketa, konpromiso desberdinak hartzeko aukera eman, euskareriko sumatzen dituzten beharrak eta programaren garapenaren/eraginkortasunaren balorazioa eskatuko zaie. Denda eta taberna berriak ere bisitatuko dira, beraz baliteke gaur egungo kopurua gainditzea.
  • Pegatina berria: Hasierako nortasuna galdu gabe aldaketatxo batzuk sartu dira aurtengo “Euskeraz Primeran!” pegatinaren diseinuan. Lehen berba euskaraz egiteko konpromisoa berretsi edota lehenengoz hartzen dutenei emango zaie.
  • Datu-bilketatik eratorritako beharrei erantzun: Jasotako datuen azterketa eta ondorioztapena egingo da, ahal dela bakoitzaren beharrei erantzuten saiatuz. Beti ere baliabide pertsonal eta ekonomikoek ezartzen dituzten mugen arabera.
  • Erabileraren neurketa tabernetan: Taberna barruko erabilera zenbatekoa den neurtuko da. Behaketa zuzena erabiliko da eta kaleka edota zonaldeka egingo da.
  • Bezero/herritarrengan eragitea: Factoryn (dendarien kasuan) zein herriko jaietan (tabernarien kasuan) bezero edo herritarrengan eragiten saiatuko dira hainbat kanpaina edo ekitaldiren bidez.
  • Ekintza osagarriak: “II. Gilda lehiaketa”, “Gin-tonic lehiaketa”, “Kafe-latte ikastaroa”, “Euskararen erabilera publizitatean” hitzaldia, “Eskaparateak apaintzeko modu errazak tallerra”…

Antolatzaileek adierazi dutenez, urtarrilaren 25ean hasi eta 6 bat astez bi dinamizatzaile arituko dira datu-bilketa egiten. Horregatik “dendari eta tabernariei datu bilketa gurekin burutzeko denboratxo hori eskaintzeko ahalegina egitea eskertuko genieke”, azpimarratu dute.

etakitto.eus/berbetan atalean Berbetanek eskainiko dituen jarduera guztien berri duzue, izena-emateko aukera ere badago edota dinamizatzaileekoin harremanetan ipintzeko aukera.