Tintaren ostera
Jon Martin
Isuritako tinta paperean zabaltzen da. Hari jarraituz sortzen dira formak, eskuak eta pintzelak lagunduta. Gorputz eta tintaren mugimendu horren aztarna dugu marrazkia. Trazua sustrai, adar, enbor, olatu, haize… bihurtzen da; horren errepikapena, zuhaitz eta sasiarte; eta behin eta berriz ekitea, baso, oihan.
Mantxa formatu, eta konposaketa abiapuntu. Eskala jolasa. Distantzia kontua. Urruntzerakoan ikuspegi zabalagoa lortzen dugu, baina, paradoxikoki, marrazkian barnerago gaude, alderantzizko mikroskopio baten bidez begira arituko bagina bezala. Urruneko xehetasuna, gertuko zirriborroa. Hurbileko kaosa eta urrutiko ordena.