Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Erdi Aroa eta Aro Modernoa

Gaztelako Alfonso XI. erregea izan zen 1346ko otsailaren 5ean Eibarri herri izateko eskumena luzatu ziona. Hala ere, ordurako bazegoen herria San Andres elizaren inguruan sortuta.

canoneros.jpgHerri-agiria ematerakoan, gauzak aldatu egin ziren eta handik aurrera, herria eratzen joan, eta etxeak eta kaleak jaso ziren (Barrenkale, Elgetakale, Somera edo Txurio). Herri jaio berriak, zergarik eza eta askatasuna emanez, herria gidatuko zuen endorea edo alkatea izendatzeko ahalmena, etxaldeak eta beste gauza guztiak askatasun osoz saltzeko eta erosteko gaitasuna eta bertako mendietako egurtzak erabiltzeko baimena zuen. Baita lur-gorriak aratu eta lantzeko eskubidea, eta haziendentzako herriko larreetatik belarra hartzekoa ere.

Hurrengo lau mendeetan, jauntxoen arteko liskarrek eta frantziarren erasoaldiek kalte handia egin arren, armagintza goratzen eta garatzen joan zen, Eibarko historian zeresan eta zerikusi handia izango duen lanbidea. Armagintzaren sustraiak edo gremio nagusiak hauexek ziren: kanoiginak, kaxaginak, txispaginak eta aparejuginak. Horrek mesede egiten zion produkzioari eta beharginen prestakuntzari, bakoitzak bere ofizio jakina izaten baitzuen. Gaztelako erregeek ez zuten arazorik izaten Deba arroaren azpiegitura horri esker armak eskuratzeko. Tailer txikiak ugaritzen joan ziren, eskopetak, arkabuzak, mosketeak eta fusilak egiten zituztenak. Egiten zena saldu beharra zegoenez merkataritzak indar handia hartu zuen; merkatua zabaltzen joan zen, ez bakarrik Espainian, baita Amerika aurkitu berrian ere.