Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zazpi lekutan zorua konpontzeko asfaltatze-lanen plana

2013/05/08

Eibarko udalak, aurtengo inbertsio-programa barruan, herriko hainbat kaletako zoruak konponduko ditu. Guztira, 250.000 euro gastatuko ditu herriko zazpi lekutan. Hori dena egiteko, udalak laster aterako ditu obra horiek lizitaziora.

Obra Sailak egin duen azterketaren arabera, herri honetan dauden zoru-konponketa premiek 450.000 euroko inbertsioa eskatzen dute. Udalak, urte honetan, zati bat egitea aurreikusten du, eta 2014. urteko aurrekontuetan 200.000 euroko kontu-sail bat jarriko du, gainerako asfaltatze-lan guztiak amaitzeko.

Aurtengo honetan 7 bidetan egingo dira zoru-hobetze lanak; guztira,9.442 metro koadro. Hona hemen: Tiburzio Anitua kaletik Otaola hiribideraino (1432 m2 asfaltotan); Ubitxa kalearen ostea (732 m2); Jardiñeta -10etik 12ra- (240 m2); San Juan -9tik 11ra- (502 m2); Errebal (2.464 m2); Bittor Sarasketa -12tik 14ra- (230 m2); eta azkenik, Barrena kalea -8tik 38ra- (3.842 m2). Leku guzti horietan zorua edo asfaltoa nahiko egoera txarrean dago, aspaldi bota zelako lurra, eguraldiak ere asko kaltetzen duelako edo trafiko asko ibiltzen delako.

Udalaren asmoa lan horiek udan egitea da, adjudikazioa egin ondoren.