Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Zailtasunaren kudeaketa' izenburupean hitzaldia izango da Ipuruan hilaren 30ean

2017/03/17

Manu Egaña Pertsonal eta Antolamendu Zuzendariarekin, Markel Alberdi eta Ander Romarate igerilari olinpikoekin eta Fran Garagarza SD Eibarko Kirol Zuzendariarekin solasaldia izango da Ipuruako Formakuntza Zentroan. Helburua da kirol eta enpresa munduko benetazko adibide ezberdinak erakustea.

'Zailtasunaren kudeaketa' izenburupean, formakuntza saio bat antolatu da hiriko eta eskualde osoko enpresa eta kirol elkarteei zuzenduta, martxoaren 30ean, Ipuruako Formakuntza Zentroan, 18:30etik 20:00etara; SD Eibar Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kirolgi Fundazioa eta Adegiren eskutik, Eibarko Udalaren eta Debegesa, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartearen laguntzarekin batera antolatu da. Bertan elkartuko diren hizlariak beraien esperientziak elkarbanatzeko dira Manu Egaña, Pertsonal eta Antolamendu Zuzendaria, Markel Alberdi eta Ander Romarate igerilari olinpikoak eta Fran Garagarza, SD Eibarko Kirol Zuzendaria.

Helburua da kirola eta enpresa munduko benetazko adibide ezberdinak erakustea; antzekotasuna dute eta giro bateko zein besteko esperientziak baliagarriak suertatu daitezke egunerokotasunean aurkitzen diren zailtasunen kudeaketan.

Formakuntza saioan parte hartzeko interesa duten pertsonek beren asistentzia baieztatu beharko dute 943-201831 (1 luzapena) telefono zenbakira deituta edota info@sdeibar.eus helbidera mezu bat bidalita.

Kirola eta Enpresa, biak elkarrekin

Martxo amaieran Eibarren egingo den workshop saioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da, Kirolgi programaren laguntzarekin. Goi mailako kirolak eskaintzen dituen baliabide eta aukerak erabili nahi dira enpresekin elkarlanean aritzeko, ekonomiari bultzada gehigarri bat emateko asmoarekin.

Besteak beste, hitzaldi formatu hau garatu da Gipuzkoako eskualde ezberdinetan. Kirolean eta enpresan aritzen diren -edo aritu diren- hizlariak izango dira solasaldian, bi mundu horiek komunean dituzten gaiak aztertuz eta beraien esperientzia pertsonalak azalduko dituzte. Modu horretan, bertaratutako pertsonak hitzaldian azaltzen diren egoera ezberdinekin identifikatuta sentiaraztea lortu nahi da. Hitzaldi bakoitzean gai ezberdinak jorratuko dira eta Eibarko kasuan zailtasunaren kudeaketa landuko da.