Visesak eta Eibarko Udalak hitzarmen bat izenpetu dute Txonta eremua berroneratzeko

2016/05/10
Visesak laguntza teknikoa emango dio Eibarko Udalari Txonta auzoa bizitegi-eremu bihurtzeko prozesuan; horretan, 235 etxebizitza babestu eraikiko dira, eta 300 etxebizitza libre.

Eibarko Udalak Txonta eremua berroneratzeko apustua egiten du; horretarako, industria-izaera handia duen auzo honetako jarduerak lekualdatuko ditu dagoeneko garatuta dauden industrialdeetara, eta bizitegi-auzo bihurtuko du, behar dituen zuzkidurak eta irisgarritasun hobea izango dituena. Eibarko Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren Laugarren Aldaketak (2015eko otsailean onartua) Txonta 125 JI eremua zedarritu egin du, 77.056 m2-ko azalera hurbildua duena, funtsezko helburu batekin: eremuaren hiri-berroneratzea; horretan dagoen industria lekualdatuko da garatutako industrialdeetara, eta bizitegi-auzoa bihurtuko da babes ofizialeko 235 etxebizitza eta 300 etxebizitza libre eraikita, behar diren zuzkidurekin eta auzorako irisgarritasuna hobetuta.

Visesak parte hartuko du proiektuan, Eibarko Udalari laguntza teknikoa emanez erronka honetan. Eraldaketa hau ahalbidetzeko, gaur, maiatzak 10, izenpetu da Eibarko Udalaren eta Visesaren arteko hitzarmena, Visesak (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren sozietate publikoa) eremua kudeatzeko egin behar diren jarduketetan laguntza teknikoa emateko Eibarko Udalari, lankidetzaren bidezko jarduketa publikoaz.

VISESAk honako ardura hauek hartuko ditu:

  • jarduketa honetarako HAPOan aurreikusitako hirigintza-zehaztapenak eta behar diren planak, programak eta proiektuak ezartzeko egin beharreko kontratazio-espedienteak prestatu eta tramitatu, eta horiei buruz Udala aholkatzea;
  • hirigintza-espedienteak tramitatzeko laguntza teknikoa, sustatze-lanak eta aholkularitza juridikoa ematea;
  • lankidetzaren bidezko kudeaketa sistema publikoa gauzatzean, kudeatzaile aritzea;

Proiektuaren aurreikusitako iraupena 6 urtekoa da, eta horretan izango duen parte-hartzeagatik, Eibarko Udalak 900.936 € ordainduko dizkio (goren mugako zenbatekoa, BEZa sartu gabe) VISESAri; zenbateko hori, geroago, proiektua garatzen doan ahala, berreskuratu ahal izango du Udalak.

Visesak eta Eibarko Udalak hitzarmen bat izenpetu dute Txonta eremua berroneratzeko

Irudian, VISESAko Zuzendari Nagusia, Marcos Muro (ezk.), eta Eibarko Alkatea, Miguel de los Toyos (esk.).