Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Utzi autobus geltokia Egogainen: hala esan dute erabiltzaileen % 85ek

Utzi autobus geltokia Egogainen: hala esan dute erabiltzaileen % 85ek

Egogaineko autobus geltokia.

2017/01/18

Egindako inkestaren emaitzek diote “erabiltzaileak oso pozik daudela” oraingo lekuarekin, edonondik gertu dagoelako eta erraz iritsi daitekeelako bertara.

Erabiltzaileen % 85ek uste du Eibarko hiriarteko autobusaren geltokia egun dagoen tokian geratu behar dela, Egogain kalean. Gainerako % 15ak beste toki batzuk proposatu ditu: Matxaria (% 10) eta Errebal - San Agustin (% 1). % 3k uste du tokiz aldatu beharko litzatekeela, baina ez daki nora. Halako emaitzak izan ditu “Eibarko Autobus Geltokia Kokatzeko Ikerketak”. Ikerlan hori Eibarko Udalak agindu zuen, PSE-EE eta EH Bilduk adostu zutelako 2016ko aurrekontuari zuzenketa bat egitea. Leber. Planificación e Ingeniería enpresak egin du ikerketa eta hark idatzi du Eibarko Mugikortasun Plan Integrala ere; beraz, ondo ezagutzen ditu lan-esparrua eta gure hiriko mugikortasunaren egoera.

Ikertzaileek galdetu zuten autobus geltokiak egun duen kokaguneari buruz, erabiltzaileentzako gertu eta irisgarri ote zegoen, eta “aztertutako atal guztiek oso kritika onak jaso zituzten; erabiltzaileak oso pozik daude”. Autobus geltokia bere horretan mantentzearen alde daude inkestako partehartzaile gehienak, baina lekua egokitzeko eskatu dute; hala nola, eguraldi txarretik babesteko babesgune bat jartzea.

Geltokia tokiz aldatzearen alde dauden gutxiek diote beste toki bat bilatu beharko litzatekeela, kanpoko errepideetara errazago iristeko. Era berean, eta Leber-en ustez kontraesankorra izan arren, eskatzen dute gainerako geraleku guztiak mantentzea (Urkizu, San Juan, Bidebarrieta, Unzaga…); eta halakorik ezingo balitz egin, herri barnera sartzeko baliabideak jarri beharko liratekeela uste dute.

Horiek horrela, mugikortasuna planifikatze aldetik, Leberrek egindako ikerketak dio “geltokia hiriaren jarduera-gunetik gertuen egon behar dela, horrek ziurtatzen baitu irisgarritasun mailarik altuena, oinez zein beste edozein modutan”. Halaber, dio “garrantzitsua iruditzen zaiela haien iritzi bera islatu dutela ikerketan parte hartu duten herritarrek”.

Ikerketako emaitzak ikusita, enpresa adituak uste du garrantzitsua izango litzatekeela hainbat erabiltzaileen eskeei kasu egitea eta Egogaineko geltokia hobetzea. Hartara, bi ildo nagusi jarraitu beharko lirateke: hirigintzako hobekuntzak (estalkiak, espaloiak, oinezkoentzako irisgarritasuna) eta inguruko trafikoa arin eta errazago mugitzeko hobekuntzak. Trafikoaren egoera hobetzeko Mugikortasun Planak egin dituen gomendioak jarri beharko lirateke martxan.

312 inkesta

Geltokiari buruzko ikerketa egiteko, Leber enpresak 312 inkesta egin zituen: % 77 hiriarteko autobusaren erabiltzaileek erantzun zituzten eta gainerakoak garraio publikoa erabiltzen ez duten oinezkoek. Inkestak 2016ko azaroaren 29an egin ziren, Eibarko kaleetan eta goizeko 8:30etik 19:00etara. Partehartzaileak hainbat tokitakoak ziren: % 43 Eibar, % 14 Elgoibar, % 7 Soraluze, % 6 Donostia, % 5 Bergara eta gainerakoak Azpeitia, Ermua, Mendaro, Azkoitia eta Bilbo.

Inkesta gehienak Eibarko erdialdean egin zituzten, baina datuei begiratuz gero, ikusi daiteke partehartzaileak Eibarko inguru guztietakoak direla. Bestalde, 312 galdetegi nahikoa eta sobera dira; izan ere, Euskobarometroko laginak 800 lagunekoak izaten dira, eta horiek komunitate askoz handiagoa ordezkatzen dute.

Ikerlanak beste gai batzuk ere aztertu zituen. Adibidez, jendeari galdetu zioten hiriarteko autobusaren geltokiak eta gainerako geralekuek egun duten kokalekuekin pozik ote zeuden, eta gai horri 10etik 8ko nota eman zioten partehartzaileek. Egia da Eibartik kanpoko erabiltzaileak bertakoak baino gusturago zeudela, baina aldea oso txikia da.

Bestalde, eibartarrak autobusez nora joaten diren ikertu zuten, eta, oro har, Donostiara (% 29), Mendarora (% 22) eta Bilbora (% 16) joaten dira maizenik. Halakoetan, Unzagan (% 53) eta Egogainen (% 26) igo ohi dira erabiltzaileak hiriarteko autobusetara. Eibarrera datozen erabiltzaileak, berriz, toki hauetakoak dira: Elgoibar (% 24), Donostia (% 14), Soraluze (% 12), Bergara (% 9) eta Bilbo (% 6); eta, oro har, Unzagan (% 55) eta Egogainen (% 28) jaisten dira autobusetik.

Hiriarteko autobusa hartzeko dituzten arrazoiez galdetuta, bidaiariek hiru erantzun nagusi eman zituzten: % 24k lanagatik hartzen du, % 18k ikasketengatik eta % 16 bisitengatik. Zehatzago, eibartarrek lanagatik (%22) hartzen dute gehienetan autobusa, baita bisitak egiteko (% 22) eta medikutara joateko ere (% 21). Kanpotik datozenak, berriz, lanagatik (% 26) eta ikasketengatik (% 25) datoz.