Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

URB-Grade proiektu europarraren fase praktikoa Erisonon martxan dagoeneko

URB-Grade proiektu europarraren fase praktikoa Erisonon martxan dagoeneko

Nodoak instalatzen, Erisonon. Argazkia M. Larrañaga

2014/04/11

Udal brigadako langileek, IK4-Teknikerreko adituekin batera lanean, URB-Grade programa europarraren lehenengo aplikazio praktikoa martxan jarri dute Eibarko argiteria publikoan. Datorren asterako Eibarren 21 farola adimentsu izango dira, Erisonoko industrialdean kokatuak. Ipurua eta Jardiñeta kaleak izango dira hurrengo.

Lehenengo pausua Erisonoko sarean dauden 17 farola sinple eta bikoitzetako batean nodo bana jartzea izan da. Hemeretzi argi puntu guztira. IK4-Teknikerrek Eibarren garatutako nodo hauek sentsore eta eragingailuz osatuta daude. Eragingailuak, balasto baten bidez, farolaren argi-intentsitatea bere topetik %30eraino gutxitzea egingo du posible.

Proiektuaren lehenengo atalean, sentsoreek farola adimentsu hauetatik tentsio eta intentsitate datuak bilduko dituzte, horien arabera argi-intentsitate ezberdinetarako beraien kontsumo patroiak jakiteko. Bigarrenen atal batean, abendurako aurreikusita dagoena, tentsio eta intentsitate datuen bilketa segituko du, baina faroletan kontsumoa murrizteko neurriak jarri eta gero. Adibidez, argi-intentsitatea giroko argiaren edo lekutik pasatzen diren pertsona eta ibilgailuen arabera erregulatzen duten sistemak.

Helburua baldintza ezberdinen menpean gure argiteri publikoaren kontsumo patrioak hobeto ezagutzen lagunduko duten datuak biltzea da. Bai orain dagoen moduan, bai energia aurrezteko neurriak jarrita. Esandako argi-intentsitatea erabilpen baldintza ezberdinetara moldatzeko aukera, adibidez. URB-Grade proiektuaren azkeneko helburua, batutako datuetatik abiatuta, udal arduradunei baliabideen kudeaketa eragingarriago bat lortzeko bidean erabakiak hartzeko unean informazio gehiago eta egokiagoa emango dien aplikazio informatiko bat garatzea da.

Eibar, Bartzelona eta Kalundborg udal daniarra izango dira URB-Grade proiektuaren frogaleku. Europar programak elektrizitate kontsumoaren eta eraginkortasun energetikoaren alde ezberdinak aztertuko ditu herri bakoitzean. Eibarren, argiteri publikoa izango da aztergai nagusia, udalentzako ere interes handiko alorra.

Ildo horretatik, URB-Grade proiektua garatzen ari den moduko plataforma batek Eibarko Udalari, adibidez, argiteria hobetzeko etorkizunean egiteko asmoa duen hobekuntzen inpaktua aldez aurretik ezagutzeko aukera emango lioke, horiekin lortuko liratekeen aurrezkiak ezagutu eta, hori jakinda, eskura ditzakeen baliabideen erabilera hobeto planteatu. Hitz batean, herriko argiteriaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko bideak topatzen eta horrela kontsumoak murrizten lagunduko duen tresna paregabea eskainiko lioke. Azken boladan izan diren argiaren fakturaren gorakadak ikusita, ez gutxi. 

URB Grade programak, Europa Batasunak esleituta 2.663.720 euroko aurrekontua du eta 39 hilabetetako bizia. Eibarko Udala eta IK4-Tekniker zentro teknologikoaz gain, programan hiru herrialdetako beste zazpi bazkidek parte hartzen dute. Dinamarkatik, Alexandra Instituttet zentro teknologikoak eta Kalundborg herriko udalak, Finlandiatik Tampereko Unibertsitateak eta THT Control OY enpresak, eta Espainiako Telvent Global Services eta FENIE Energia enpresek.