Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Untzaga plazak Liburu Azokaren edizio berria hartuko du hilaren 14tik 23ra bitartean

Untzaga plazak Liburu Azokaren edizio berria hartuko du hilaren 14tik 23ra bitartean

Patxi Lejardi, Kultura eta Euskara Zinegotzia, eta Asier Muniategi, Euskadiko liburu azoken koordinatzailea.

2016/10/14

Helburu nagusia da irakurketa sustatzea. Guztira hamabi salmenta-postu ipini dira. Bertan, azken argitalpenak eskainiko dituzte, euskaraz zein gazteleraz, baita aukerako liburuak ere. Liburu Azoka 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik lanegunetan eta ordu erdi gehiago asteburuetan.

Eibarko Untzaga plazak Liburu Azokaren edizio berria hartuko du gaur, hilak 14, hasi eta hilaren 23ra bitartean. Azoka 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik lanegunetan eta ordu erdi gehiago luzatuko da asteburuetan. Guztira hamabi salmenta-postu ipini dira aurten eta azken argitalpenak eskainiko dira, euskaraz eta gazteleraz, baita aukerako liburuak ere. Azokan bertan, herritarrek Bertso-paperak izeneko erakusketaz gozatzeko parada izango dute. Helburua da irakurketa sustatzea Eibarren. Hala adierazi dute gaur, urriak 14, prentsaurrekoan, Patxi Lejardi Kultura Zinegotziak eta Asier Muniategi Euskadiko liburu azoken koordinatzaileak. Ohikoa denez, erosleek % 10eko deskontuarekin erosi ahal izango dituzte liburuak. Muniategik adierazi duenez, "aurtengo salmentak % 2,6an igo egin dira estatu mailan; Euskal Herrian egindako liburuen produkzioa 3.200 ale ingurukoa izan da eta estatuan, berriz, 82.000, gutxi gorabehera". Salmenta digitala % 10ean kokatu da aurten, eta paperezko liburuena % 90ean.

Aurtengo azokan parte hartuko duten argitaletxe edota erakundeak honako hauek dira: Biok, Arriaga, Elkar Lib., Erein, Gure Liburuak, Urretxindorra, Herriak, J.C. Irizar, Zabaltzen, Txalaparta, Ttarttalo, Eibarko Udala, Xalbador, Izakiak, Elkar y Elkar Diskoak.

Horrez gain, eta aurreko urteetan bezala, liburu sinaketak egongo dira hainbat idazlerekin. Jose Javier Abasolo (Demasiado ruido), Miren E. Palacios (Escalera de damas) eta Inma Roiz (Oro verde) dira aurtengo gonbidatuak. Azokan aurki daitezkeen liburuak, besteak beste, honako hauek dira: Estolda jolasak, Isilpean gordea, Iazko hezurrak, Y los vascos se echaron a la mar, Orain hilak ditugu, Historia de un canalla, Los besos en el pan, El último adiós, Hondamendia, Txoriak kolpeka, Miguel Jabier Urmeneta 1915-1988 eta Casi sin querer. Diskoei dagokienez, Ken Zazpiren Phoenicoperus eta Mikel Urdangarinen lanak aurki daitezke, besteak beste.

Liburutegiko datuak

Bestalde, Juan San Martin Udal Liburutegitik adierazi dutenez, 2016 urte honetan gehien mailegatu diren euskarazko liburuak honako hauek dira: Zu (Anjel Lertxundi), Isilpean gordea (Toti Martínez de Lezea), Naia India gorrietan (Alvaro Rabelli), Bost truke: Andeetako, Kurdistaneko eta Serbiako jasokinak (Jon Sarasua) y Estolda jolasak (Jon Arretxe). Gehien mailegatu diren gaztelerazko liburuak, berriz, hauexek dira: No culpes al karma de lo que te pasa por ser gilipollas (Laura Norton), La chica del tren (Paula Hawkins), Se prohíbe mantener afectos desmedidos en la puerta de la pensión (Mamen Sánchez), El amante japonés (Isabel Allende) y El faro del silencio (Ibón Martín Álvarez).

Halaber, Udal Liburutegitik gogorarazi dutenez, guztira, zazpi irakurketa klub daude umeen eta helduen artean. Helburua da irakurketa sustatzen jarraitzea. Helduen artean bi talde daude: Harixa emoten (irakurketa kluba euskaraz) eta irakurketa kluba gazteleraz. Umeek, berriz, honako talde hauetan parte hartzen dute: Azalerako ipuinak, Liburuen poltsa (bi talde: bata haur Hezkuntzako ikasleekin eta bigarrena Lehen Hezkuntzako ikasleekin), Paperezko hegoak (bi talde: Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleekin bata eta 4., 5., eta 6. mailako ikasleekin bigarrena).