Unbeko atletismoko pistak 'Asier Cuevas' izena hartuko du. Horrela aitortuko zaio Eibarko korrikalari handiari kirol arloan egin duen ibilbide arrakastatsua.

2015/09/18
Joan zen astean, Cuevas korrikalari eibartarra bigarren geratu zen Holandan jokatutako 100 kilometroko munduko txapelketan.

'Asier Cuevas' izena emango zaio Unbe kirolguneko atletismo pistari Eibarko Udalak hala erabakita. Horrela, Eibarko korrikalari handi horrek kirol munduan egin duen ibilbide oparoa eskertzeaz gain joan zen irailaren 12an Holandako Winschoten herrian lortu zuen balentria hura aitortu nahi zaio: munduko txapeldunorde 100 kilometroko txapelketan.

Miguel de los Toyos alkatea bera izan zen kirolari eibartarrari omen hori egin nahi ziola adierazi ziona. Gero, Udaleko Gobernu taldeak gainerako Talde politiko guztiei eta Eibarko Klub Deportiboari azaldu zien asmoa. Gogo onez hartu dute denek asmoa, pozez onartu ere.

Ekitaldia edo plaka-jartzea irailaren 29an izango da, iluntzeko 19.00etan, Unbeko Kirolgunean. Hantxe ipiniko da atletismoko pista nagusiari 'Asier Cuevas' izena emango dion plaka. Bertan izango dira, omenduaz gain, Udaleko ordezkariak eta Eibarko Klub Deportiboko ordezkariak.  

Udalak hartu duen erabaki honen haritik Miguel de los Toyos alkateak hauxe adierazi du: "Eibarko hiriari harrotasuna dario Asier bezalako enbaxadore bat duela ikusita, kirol arloan egin duen ibilbide luze horretan nonahi erakutsi dituen dohainak ez direlako bakarrik kirol esparrukoak izan; beste bertute edo dohain eder asko batzuk ere baditu: umiltasuna, esfortzua, ondo egindako beharra. Eta bertute horiek eraman dute lorpen handi horietara."

Alkatearen hitzetan, Asier Cuevasek ederto erakutsi du "zaletasunez, gogoz eta sakrifizioak eginez, nahi dena lor daitekeela". Unbeko kirolgunearen pistari Eibarko korrikalari handi horren izena jarriz, betiko gogoratu nahi da haren izena eta izana Eibarko Klub Deportiboarekin batera antolatu den ekitaldi horretan.

Iraupen luzeko korrikalari eibartarrak joan zen irailaren 12an egindakoarekin sekula baino hobeto dagoela erakutsi du, izan ere, Cuevasek 06:35:49 denboran bukatu baitzuen 100 kilometroko ibilbidea eta lasterketa mota horretan zuen aurreko marka 3 minutu eta 10 segundoan hobetu du. Asier Cuevas eibartarrak sekulako lorpenak eskuratu ditu bere kirol jardun luze horretan.