Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Umeen kontrako tratu txarren eta sexu-indarkeriaren kontrako kanpaina abiarazi du Udalak.

2014/12/01

Materiala banatuko zaie gurasoei; eskoletan ipuinak eta gidak banatuko dira. Ostegunean, hilaren 4an, informazio-saio bi eskainiko dira, bata profesionalentzat eta bestea gurasoentzat.

Eibarko udalak, umeen eta nerabeen kontrako sexu-indarkeriari aurre egiteko kanpaina bat jarri du martxan. Ekimen horrek  umeen kontrako tratu txarrak prebenitzen eta detektatzen laguntzea du helburutzat, eta bereziki, biztanleriaren sektore horren kontrako sexu-abusuaren aurka egitea. 

 Kanpaina hau hainbat ekintzatan hezurmamituko da:  alde batetik, 3tik 6 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei materiala banatuko zaie; bestetik, hezkuntza, osasun edo gizarte-zerbitzuen alorreko profesionalei informazio- eta prestakuntza-saio bat eskainiko zaie, eta baita beste horrelako  saio bat ere bai gurasoei.

 Mundu osoan,  bost umetik bat abusuren baten edo sexu-indarkeriaren baten biktima da.  Egoera hori adin, arraza, gizarte-maila eta erlijio guztietan ematen da. Egilea, normalean, umeak ezagutu eta umearen konfiantza duenen bat izaten da.

Premisa horien arabera, Europako Kontseiluak, 2010ean, Erroman, umeen eta nerabeen kontrako sexu-indarkeriari galga jartzeko kanpaina bati ekin zion. Hauxe zen kanpaina haren helbururik nagusiena: umeei, beren familiei, haren zaintzaileei eta gizarteari ezagutza eta erremintak eskaintzea sexu-indarkeriari aurre egiteko eta, modu  horretan, adin txikikoen kontrako sexu-indarkeriaren inguruko zer guztiez jabetu.

Eibarren burutuko den kanpaina Udalak antolatu du,  Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkartearekin, Federación de Asociaciones para la Prevención del Maltrato Infantil (FAPMI) eta End Child Prostitution, Child Pornography and Taffiking of Children for Sexual Purposes (ACPAT) erakunde edo elkarteekin batera; azken hori, umeen esplotazio sexualaren kontra gogorren egiten duen munduko sarerik garrantzitsuena dugu,  herrialde askotan dagoena.

Kanpaina honetan, 3tik 6 urte bitarteko seme-alabak dauzkaten gurasoei materiala banatuko zaie. Horretarako, kanpainan parte hartzen duten ikastetxeen bidez, ipuinak eta gidak banatuko dira. Zentzu horretan, udalak kanpaina ikastetxeei aurkeztu ondoren, ikastetxe denek eman diote  erabateko onespena edo onarpena: Eibarko ikastetxe guztiek egin dute bat kanpainarekin.

Eibarko eskoletan 1.030 ipuin eta gida banatuko dira herriko eskoletan dabiltzan  3tik 6 urte bitarteko umeei, etxean irakur dezaten.

 Kanpaina informazio- eta prestakuntza-jardunaldi batekin osatuko da, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetako profesionalei nahiz umeei eta nerabeei arreta eskaintzearekin lotutako beste jakintzagai batzuei eskainiko zaien saioa. Egun hori datorren osteguna izango da, abenduak 4, Portaleko Kultura Etxearen Aretoan, goizeko 10:00etatik eguerdiko 13.00etara. Sarrera librea da baina aldez aurretik izena eman behar da. Oraindik badaude leku batzuk libre.

 Jardunaldi horrek helburu hau du: umeen kontrako tratu txarrei  eta, bereziki, umeen eta nerabeen kontrako sexu-abusuari aurrea hartzea eta detektatzea. Izena emateko,  posta elektronikoa bidali behar da emartin@eibar.net helbidera edo 943.708440 telefonora deitu.

 Dokumentazioa eman ondoren gai hauek ukituko dira: ‘Umeen kontrako sexu abusua: hurbilketa’, ‘Umeen kontrako sexu-abusua detektazea” eta “Kikoren erregela aurkeztea”. Jardunaldi horretan Naiara Navarro Olasagasti andreak hartuko du parte, Kantabriako CAVAS (Centro de Asistencia a Víctimas de Agresiones Sexuales y Maltrato Infantil) zentrokoa.

 Eta ostegunean bertan, hilak 4, arratsaldeko 18.00etan, Portaleko Aretoan informazio- eta prestakuntza-saio bat eskainiko da, ordu bikoa, gurasoendako. Nahi duten guztiek har dezakete parte.