Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Umeen jolasleku berria egongo da martxotik aurrera Berdintasunaren pasealekuan, Legarre ondoan

Umeen jolasleku berria egongo da martxotik aurrera Berdintasunaren pasealekuan, Legarre ondoan

Umeen jolasleku berria Berdintasunaren pasealekuan.

2017/02/15

San Andres egoitzaren parean 21.676 euroren aisialdi-gunea ari dira egiten (BEZa barne). 2016ko auzo-bileretan parte hartu zuten herritar batzuen eskariz egingo da parkea.

Legarre auzoak umeen jolasleku berria du, Berdintasunaren pasealekuan, San Andres egoitzaren aurrean. Joan den asteburuaz gero, tokia egokitzeko lanetan eta jokoak instalatzen ari dira eta oso aurreratuta dabiltza. Asmoa da martxoaren hasierarako parkea prest edukitzea.

Parkea sortzeko asmoa urteko auzo-bileretan sortu zen, herritarren eskutik. Legarreko auzokideek esan zuten umeentzako jolasleku bat eraiki zitekeela, trenbide gaineko pasealeku berriak sortutako gunea aprobetxatuta.

Udalaren helburuen barru dago aisialdirako guneak sortzea aukera dagoen tokietan, eta horregatik heldu dio eskaera horri. Horretarako 21.676 euro (BEZa barne) gastatu ditu, hori baita proiektuaren kostua.

Parke hau, Amañako pasealekuan Tiburzio Anituan dagoena bezala, hainbat lorontzi handi ditu inguruan, eta horietan landare igokariak daude jarrita. Horrez gain, eserlekuak daude parkearen inguruan.

Jolaslekuan honakoak topatuko ditugu: bueltaka dabilen aulkia, zabuak, txirristak eta zubia eta pasabidea dituen multzoa. Era berean, informazio-panela egongo da bertan, jokoetan nola ibili dioena eta bertan josta daitezkeen umeen adinak zehaztuko dituena. Jolas-gunea inguratzeko, koloretako segurtasun-hesia egongo da, eta, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, trenbide aldera dagoen pasealekuaren ertzean polikarbonatozko xafla gardenak jarriko dituzte, zutik. Amañan ere hala dago babestuta gunea.