Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalbatzaren bilkura bereziarekin ekin dio legealdi berriari Eibarko Udalak

2015/07/02

Ekainaren 30ean egindako bilkuran Tokiko Gobernu Batzarreko kideak eta Udal Batzorde aholkularietako batzordeburuak izendatu zituzten.

Eibarko Udalaren lehenengo osoko bilkuran -horren eraketaren ostean 2015eko ekainaren 13an- Tokiko Gobernu Batzarreko kideak eta Udal Batzorde aholkularietako batzordeburuak izendatu zituzten, beste gai batzuren artean.

2015eko ekainaren 30ean egindako bilkuran, alkatetzaren dekretuaren bitartez, ondoko pertsonak izendatu zituzten Tokiko Gobernu Batzarreko kide: Alberto Albístegui Zamacola, Pedro Escribano Ruiz de la Torre, Ana Telleria Echeverria eta Arcadio Benítez Dávila. Azken horiek ere alkateorde izendatu zituzten.

Tokiko Gobernu Batzarrak eta Udal Osoko Bilkurak

Bestalde, Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak astean behin izango direla finkatuta dagoenez, horiek egiteko eguna ostirala izango da, 12:00etatik aurrera. Tokiko Gobernu Batzarrak 2015eko uztailaren 3an egingo du aurreneko bilkura. Halaber, Udal osoko bilkuraren bilerak edo bilkurak hilean behin egiten jarraituko dira, hain zuzen ere, hilaren azken astelehenean, 19:30ean, edo bestela, egun hori jaiegunean jausiz gero, hurrengo lehen lanegunean.

Batzorde Aholkulariak

Udalbatzaren bilkura berezian Batzorde Aholkularietako Batzordeburuak izendatu zituzten, alkatetzaren dekretuaren bitartez. Honako hauek dira:

  • Zerbitzu eta Azoka Batzorde Aholkularia. Batzordeburua: Pedro Escribano Ruiz de la Torre.

  • Euskara, Kultura, Trafiko eta Garraio, eta ENBA Batzorde Aholkulariak. Batzordeburua: Francisco Javier Lejardi Galarraga. 

  • Pertsonal eta Barne Araudirako batzorde Aholkularia. Batzordeburua: Mº Isabel Larrauri Arriaga.

  • Gizarte Zerbitzuak eta Ego Ibarra Batzorde Aholkulariak. Batzordeburua: Idoia Sarasqueta Aramburu.

  • Obra Batzorde Aholkularia. Batzordeburua: Arcadio Benitez Dávila.

  • Hirigintza Batzorde Aholkularia. Batzordeburua: Ana Telleria Echeverria.

  • Ingurumen Batzorde Aholkularia. Batzordeburua: Eneko Andueza Lorenzo.

  • Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza eta Ogasun Batzorde Aholkulariak. Batzordeburua: Alberto Albistegui Zamacola.

  • Berdintasunerako Batzorde Aholkularia. Batzordeburua: Patricia Arrizabalaga Larrañaga.

Aurreko lerroetan aipatutako Batzordeetan alderdi politiko bakoitzeko batzordekideak eta batzorde bakoitzari dagokion idazkariak hartuko dute parte.

Erabateko dedikazio karguak eta dedikazio partzialekoak

Tokiko Gobernu Batzarkideak eta alkateordeak erabateko dedikazioa izan dezaketen karguak izendatu ziren 2015eko ekainaren 30eko bilkuran. Gainera, PSE-EE, EUSKAL HERRIA BILDU eta EIBARKO EAJ-PNV Udal taldeen koordinatzaileak erabateko dedikazioa izan dezaketen kargutzat ere izendatu ziren. Bestalde, IRABAZI Taldeko koordinatzailea % 50aren edo asteko 20 orduko dedikazio partziala izan dezakeen kargutzat izendatzea adostu zen.

EH-Bilduk bi zinegotzi liberatu izatea eskatu zuen %50ean, erabateko liberatua izan ordez; halere, ez da erabikirik hartu gaiaren inguruan.

Ordainsariak

Azkenik, ondoko kontzeptu eta ordain-sari hauek onartu ziren: Udal Talde bakoitzak 729 euro jasoko ditu hilean behin, eta talde bakoitzaren zinegotzi bakoitzeko/hileko 365 euro. Erabateko dedikazioa karguen ordainsariei dagokionez (urteko soldata gordina), alkateak 62.940,16 euro jasoko ditu, eta erabateko dedikazioaren kargua duten zinegotziek, 48.202,70 euro. Eta, dedikazio partzialeko edo % 50eko kargua duen zinegotziak 24.101,35 euro jasoko ditu.

Udalbatzaren, Tokiko Gobernu Batzarraren, Lan Batzorde eta Batzorde Aholkularien bileretara joaten diren zinegotziei ondorengo dieta edo sari hauek emango zaizkie, erabateko dedikazioa edo dedikazio partziala dutenei izan ezik: bilera bakoitzeko, 313 euro.

Gainera, zinegotzi bakoitzak hilean ezingo du jaso ondoren esandakotik gorakorik: Tokiko Gobernu Batzarkideak, erabateko dedikaziorik gabe, 1407 euro; Batzorde Aholkulariko buruek 1250 euro; ordezkariek 1094 euro eta zinegotziek 938 euro.

EAJ-PNV abstenitu egin zen bozketan, eta EH-Bilduk eta Irabazik aurreko lerroetan aipatutako erabakien aurka bozkatu zuten, “neurriz gaineko” kantitateak direla uste baitute.

 

.