Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalaren datu sorta bat, dagoeneko "Gipuzkoa Irekia" gardentasun atarian

2015/05/20

Orain arte, Datu Irekiak izeneko atalean, hamar artxibo argitaratu dira guztira, herritarrek Eibarko Udalaren kudeaketari buruzko datuak errazago eskura ditzaten. Udalbatzak, gardentasunarekin duen konpromisoaren seinale, plataforma horretara atxikitzeko eskaera egin zuen otsailean, Aldundiak udalen eta amankomunazgoen informazioa jasotzeko ere prest zegoela iragarri orduko.

Herritarren eskura daude dagoeneko Eibarko Udalaren kudeaketari buruzko zenbait datu, interes publikokoak, eta Udalaren beste zenbait datu Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Gipuzkoa Irekia atarian. Ogasunari, demografiari eta sektore publikoari buruzko informazioa da.

Oraingoz, hamar dira plataforma digital horretan  Datu Irekiak atalean Eibarri buruz kontsulta daitezkeen karpetak. Katalogo horretan, herriari buruzko datu irekiak eskura daitezke. Esate baterako, Eibarko bizilagunei buruzko informazioa jaitegunaren, adinaren eta ikasketen arabera sailkatuta, eta Udalaren kudeaketari buruz interes publikokoa den informazioa. Azken horretan, Udalak jasotako fakturei buruzkoak ikus ditzake herritarrak, bai eta aurtengo udal aurrekontuei buruzko informazioa ere, besteak beste. 

Aldundiak gero eta informazio gehiago argitaratzea da helburua, baita Gobernu Irekia atari digitalean zabaldu duten Gardentasunaren Atalean ere, argitara emateko modukoak eta interegarriak diren datu guztiak azkenean herritarren eskura egon daitezen.

Eibarko Udalak, bere kudeaketaren gardentasunaren alde egiteko eta informazioa herritarren eskura jartzeko konpromisoa hartuta, harago joan nahi du oraindik, eta datuak ulerterrazagoak izatea nahi du, kontsulta egiten duten pertsona horiek guztiek errazago interpreta ditzaten. Datu publikoak berrerabiltzeak eta haiek duten balio sozial eta ekonomikoak beste aukera batzuk dakartzatela oharturik eta aukera horiek sustatzeko asmoz, Udalak aurrerapausoak eman nahi ditu udal gardentasunaren arloan, eta zifren zabalkunde hutsetik harago joan nahi du, zifra horiek beren testuinguruan kokatuz eta zehatzago aletuz.