Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalaren aitortza EGH (Enpresa Gazte Hezitzailea) eta URRATSBAT Ekintzailetza sariak irabazi dituzten Armeria Eskolako Ikasleei

2012/06/07

Miguel de los Toyos alkateak diploma bat eman zien sariak irabazi dituzten ikasleei. Bi proiektu aurkeztu zituzten; eskuz egindako kamisetak alde batetik, eta marketin dinamikoa bestetik.

Horrela, Eibarko Udalak aitortu egin nahi izan dio Armeria Eskolari bere ikasleen prestakuntzan egiten duen lana. Ikasle horiek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Tknika (Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Prestakuntzarako Zentroak) ematen dituen EGH (Enpresa Gazte Hezitzailea) eta URRASTBAT sariak irabazi dituzte oraintsu. Armeria Eskolak, bere ikasleen ekimena sustatzeko asmoz, lehiaketa bietan hartzen du parte.

URRATSBAT edozein motatako prestakuntza jaso duten ikasle eta ikasle ohiei zuzendutako programa da. Ikasleei bere enpresa sortu, martxan jarri eta aurrera ateratzeko laguntza ematea da programaren helburua.

DSBITNETenpresarentzat izan da lehen URRATSBAT saria. Enpresa horren jarduera nagusia softwareak garatu eta horien edukiak ezarri, mantendu eta kudeatzea da.

DSBitnet enpresak bi langile zituen sortu zenean, Alex Villarrubia eta David Villarrubia. Eskola Armeriako Telekomunikazio eta Informatika Sistemetako Zikloaren bukaerako proiektuan oinarrituta habiatu zen; Proiektua Leioako enpresa bateko “Marketin dinamikoaren ezarpenari” buruzkoa zen, eta lan horrek izandako arrakastak, negozio-plangintzarako ideia hori Armeria Eskolaren URRATS BAT planaren barruan garatzeko adorea eman zien.

EGH hezkuntza programa eskolan enpresagintza lantzearren garatzen da. Proiektuaren helburua enpresa-mundua geletara hurbiltzea da, ekiteko gaitasunaren garapena sustatzeko.

Funtsean, ikasleek enpresa txiki bat sortzen dute, kooperatiba bat, eta horren baitan egiten dituzte ariketa guztiak; hala nola, korporazioaren irudia, administrazioa, marketina, salerosketak, etab. Produktuak benetakoak dira, ikasleek beraiek egindakoak edo merkaturatutakoak izan daitezke. Enpresak Ikasturteak irauten duen bitartean daude martxan eta kurtso amaieran desegin egiten dituzte.

Armeria Eskolako bi kooperatiba aurkeztu ziren lehiaketara, eta NOISE kooperatiba izan zen garaile. Honako ikasleek osatzen dute: Oier Murua, Asier Airas eta Oscar Alvarez. Kooperatiba irabazleak eskuz egindako kamisetak saldu ditu, estilo informalekoak dira eta gazteei zuzenduta daude. Izan ere, marrazki original eta bakarrak dituzte. Oier Murua ikaslea izan da kamisetak margotu dituen artista.