Udalalak martxan jarriko du pertsona nagusien etxeetan ipiniko duen suteen kontrako doako zerbitzua

2014/12/04
Sistema horien hornikuntza esleituta, Udalak karta bat bidali die bakarrik bizi diren 85 urtetik 90 urte bitarteko pertsona nagusiei, zerbitzua ezagutarazteko eta sistema hori jartzeko.

Eibarko udalak, hemendik denbora gutxi barru, zerbitzu berria jarriko du martxan, pertsona nagusiek dituzten premiak ikusita haien etxeetan suteen kontrako sistema jar dadin. Zerbitzu hori doan eskainiko zaie Eibarren bizi eta 85 urtetik 90 urte bitarteko pertsona nagusi guztiei.  2014ko udal aurrekontuan, asmo horretarako 40.000 euroko kontu-saila sartu zuen gobernu-taldeak (Bildu taldearekin adostua), eta 2015. urterako beste kontu-sail bat sartzea aurreikusten da, orain jarriko diren sistema horiek mantentzeak duen kostuari aurre egiteko eta zerbitzu hori beste adin-tarte batzuetara ere zabaltzeko.

Beraien etxeetan sistema horiek jartzeko gogoa duten  pertsona nagusiek laster ikusiko dituzte sistemok beren etxeetan jarrita, izan ere, udalak -aurretik, lehiaketa eginda- "A Tiempo Servicios y Prevencion SL" etxeari adjudikatu baitio sistemen hornidura eta laster hasiko dira ipintzen. Etxebizitza bakoitzeko aurrekontua 145,20 eurokoa da (BEZa barne). Zenbateko hori udalak ordaintzen du, oso-osorik.

Proiektua ezagutarazteko eta horretan interesa duten pertsonak zeintzuk diren jakiteko, udalak informazio-karta bat bidali du bakarrik bizi diren 85 urtetik 90 urte bitarteko nagusi guztien etxeetara.  Karta horretan azaltzen zaiena hauxe da: orain martxan jarri den proiektu honekin, alde batetik, suteei aurrea hartzeko zerbitzua jarriko dela beren etxeetan, suteen kontrako detektagailuak ipinita; eta, bestetik, larrialdiren bat izanez gero, ebakuazioetarako krokisak ere eskura izango dituztela. Zerbitzua doakoa izango da baina, edozein kasutan ere, interesatuta dauden  pertsonek, aldez aurretik, hori jartzeko baietza eman behar dute. Udalak berak hartuko du horren kostua bere gain, beraz, nagusiei ez die inongo gasturik ekarriko.

Zerbitzua ezarri ahal izateko -onuradun izan daitezkeenei bidalitako gutunean gogora ekartzen zaien bezala- aldez aurretik, etxebizitzaren azterketa bat egingo da. Beraz, hemendik egun gutxi barru  talde tekniko bat joango da interesatuta dauden pertsonen  etxera, horiek beren burua behar bezala identifikatu eta suteen kontrako detektagailuak, behar direnak,  jarriko dituzte.  Detektagailu horiek jartzeko ez dago inongo obrarik egin beharrik.