Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Foru Aldundiari eskatu dio neurriak har ditzala Gipuzkoara iristen diren pertsonak laguntzeko, artatzeko eta gizarteratzeko

2016/06/28

Eibarko EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek mozio bat onartu dute, EH-Bilduk DSBL (AGI) kentzearen aurka aurkeztu zuen beste bati erantzuteko.

Eibarko Udalak “Gipuzkoara iristen diren pertsonak, egoki hartu, lagundu eta gizarteratu daitezen” beharrezkoak diren neurriak har ditzala eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Halaber, Aldundiari eskatu dio jarrai diezaiola “gizarte-bazterketan edo bazterketa arriskuan dagoen pertsona ororen arreta hobetzeko hasitako bideari eta jar dezala martxan dagoeneko iragarrita dagoen Elkar-Ekin Gizarte Esku-hartze Plan Integrala”. Gainera, Eibarko Udalak arreta eta gizarteratze euskal eredua aldarrikatu du. 

Udaleko Bozeramaileen Batzordeak oniritzia eman dio hiru puntuak biltzen dituen akordioari. Akordioak Eibarko EAJ-PNV taldeak proposatutako eta PSE-EEk babestutako mozioari erantzuten dio. Mozioa alderdi jeltzaleak aurkeztu zuen, aurretik EH-Bilduk aurkeztutako beste mozio baten alternatiba gisa, zeina bakarrik babestu zuten EH-Bilduren ordezkariak eta Irabazikoak. 

Aurrera egin ez zuen EH-Bilduren mozioan funtsean eskatzen zen Udalak Aldundiari eska diezaiola AGI izeneko gizarte-laguntza ez kentzeko. Horrez gain, koalizio abertzaleak eskatzen zuen Udalak Aldundiari exijitzeko Eusko Jaurlaritzari planteatzeko DSBE (RGI) eskuratzeko beharrezkoa den erroldatze aldia 3 urtetik urtebetera pasatzeko, lehen zen bezala.