Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak euskarari beste bultzada bat eman dio Euskararen batzorde berezi bat sortuta

2014/04/01

Gobernu taldeak erabaki hau hartu du euskarari bere baitan duena eman behar zaiola eta erreferentzia bilakatu behar delaren konbentzimendua duelako, hiritarrei eta herriko talde eta erakunde laguntzaile guztiei bistarazita. Euskara Biziberritzeko Ekintza Plan berria martxan ipintzeak eta Udal Euskaltegia udalean txertatzeak, euskarak bere batzordea izateko bidean jarri dute.

Eibarko udalak, hemendik aurrera, Euskara batzorde berezi bat izango du. Beraz, euskarekin zerikusia duten gai guztiak Kultura batzordetik kendu egingo dira –orain arte hortxe zegoen txertatuta- eta batzorde berri horretan euskarari bere lekua emango zaio.  Erabaki honekin, gobernu-taldeak  beste bultzada bat gehiago eman nahi dio euskararen sustapenari.

 Eibarren oraingo agintaldi honi ekin zitzaionean, aurreko legealdietan egindakoari jarraipena emanez, besteak beste, Euskara-Kultura batzorde aholkularia sortu zen. Orain ikusi da euskarari sail berezi bat emateko premia dagoela, besteak beste, udalak,  Eusko Jaurlaritzaren zuzendaritzapean,  bost urteko iraupena izango duen plan estrategiko baten bidez, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana aurten jarri behar duelako indarrean,.

 Gainera, ‘Udal Euskaltegia’, Helduak Alfabetatzeko eta Berreuskalduntzeko Fundazio Publikoa zeritzon erakunde autonomoa udalean txertatuta geratu zenez,    Euskaltegiak eskaintzen duen zerbitzuaren inguruko gai guztiak Euskara-Kultura batzorde aholkulariari zegozkion. Batzorde horren lana arintzearren, eta euskararekin lotutako gaiak tratatzerakoan modu berezi eta zehatzean hartu behar direnez, gobernu taldeak Euskara Batzordea eratzearen aldeko apustua egin du. Esther Kareaga zinegotzia –Kultura batzordeburua- izango da horko batzordeburu.

 Udaleko Euskara zerbitzua,  Euskararen erabilerarako aurreko Planaren balorazioa egiten ari da une honetan eta, aldi berean, Plan berriaren ildo estrategikoak finkatzen dabil.  Balorazio hori egiteko orduan, aurreko planetan egin diren euskara-erabileraren neurketak hartu ditu kontuan. Jaso edo bildutako balorazio horietan –kuantitatiboak eta kualitatiboak- hauxe ikusi da: euskararen erabilerak eta ezagutzak aurrerapauso gutxi eman dituela Eibarren.

Euskara-Kultura zinegotziak zera zioen: "Plan Estrategiko berriari begira, Eibarren arlo horretan lanean diharduten elkarte, erakunde eta talde guztien ekarpenak jaso dira ildo estrategiko berriak diseinatzeko asmoz. Eta ildo horien artean honakoak ditugu: euskarari ospea eta itzala ematea; elkarteak eta erakundeak piztea; euskararen transmisioa ziurtatzea; euskararen erabilera gazteen artean hedatzea eta udalak hizkuntzarekiko duen konpromiso sendoa berrestea. Horregatik, gure iritziz, euskarari  bere baitan duena eman behar zaio eta erreferentzia bilakatu, hiritarrei eta herriko talde eta erakunde laguntzaile guztiei bistarazita.”

Gainera, gobernu taldearen ustetan, Euskara batzordea euskararen erabilera arautzeko ordenantzaren proposamena lantzeko foro egokiena da, honenbestez, Udalak hartutako konpromisoa betez, ordenantza 2014 Euskararen egunerako onartuta egongo delarik.