Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak, aurten ere, izaera sozialeko hiru laguntza-deialdi atera ditu, premian dauden pertsonei laguntzeko

2016/05/27

Diru-laguntzak emango zaizkie langabetuei eta baliabide gutxi duten pentsiodunei, droga-menpekotasun arazoak dituztenei eta bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonei. Horrela berresten du Udalak kaltetuenekiko duen konpromisoa eta, ahal duen neurrian behintzat, pertsona horiei beren arazoak eta beharrak gainditzen lagunduta, egoera horiek leuntzen ahalegintzen da.

Eibarko Udalak, urte honetan ere, martxan ipini ditu izaera sozialeko hiru laguntza-programa hainbat premia eta arazo dituzten pertsonei laguntzeko: baliabide gutxiko langabeei eta pentsiodunei, bazterkeria arriskuan edo egoeran daudenei edo droga-menpekotasun arazoak dituztenei laguntzeko alegia. Udalak, horrela, kaltetuenekiko duen konpromisoa berresten du eta, ahal duen neurrian behintzat, horrelako egoerak leuntzen ahalegintzen da, pertsona horiei dituzten arazoak eta beharrak gainditzen lagunduta.

Hiru deialdi

Aurreneko deialdia baliabide ekonomiko gutxiko langabeei eta pentsiodunei zuzendutakoa dugu.  Hauexek dira  azken hiru urte hauetan Udalak eman dituen diru-laguntza horiek eskatzeko baldintzak: kotizaziopeko edo kotizaziorik gabeko pentsio bat jasotzen duen pentsioduna izatea 2015eko abenduaren 31n; diru-sarrerak bermatzeko errenta baten titularra izatea 2015eko abenduaren 31n eta Eibarko udalerrian erroldatutakoa izatea, etxea bertan edukitzea eta bertan bizitzea eskaerak egiteko ezarritako epearen hasiera-egunaren aurreko 6 hileetan gutxienez. Diru-laguntzaren zenbatekoa 150 eurokoa izango da eta eskaerak Pegoran entregatu behar dira urte honetako ekainaren 17a baino lehen.

Eibartik kanpoko zentroetan droga-zaletasunaren kontrako tratamendua jasotzen duten pertsonei ere Udalak laguntzak ematen dizkie.  Programa honek honez gero 10 bat urte ditu. Diru-laguntza horren onuradunei baldintza hauek eskatzen zaizkie: eskaera egiteko unean 18 urte beteta edukitzea; Eibarren, gutxienez, eskaera egiten den eguna baino sei hilabete lehenago erroldatuta egotea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko zentro publiko edo kontzertatuetako baten droga-menpekotasun arazoengatik tratamendu bat egiten egotea.

Eman daitekeen gehieneko zenbatekoa 1.200 eurokoa izango da urteko eta onuradun bakoitzeko; joan-etorriak lagunarekin eginez gero, urtean 1.800 euroko diru-laguntza emango da. Diru-laguntza hau eskuratzeko eskaerak Udal honetako Gizartekintza Saileko bulegoetan egin behar dira; epea azaroaren 11n amaituko da.

Hirugarren programa, Udalak hirugarren urtez burutuko duena, hauxe da: bazterkeria arriskuan edota egoeran dauden pertsonak Eibartik kanpo gizarteratzeko dauden baliabideetara jotzeko diru-laguntzak ematea.

Laguntza horren onuradunei baldintza hauek eskatzen zaizkie: eskaera egiteko unean 18 urte beteta edukitzea; Eibarren, gutxienez, eskaera egiten den eguna baino sei hilabete lehenago erroldatuta egotea, eta gizarteratzeko errekurtso baterako eskaera eginda izatea Gipuzkoakoa Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Sailean.

Joan-etorrietarako ezartzen diren zenbatekoak hauek dira: Donostirara joateko 10 euro (joan eta etorri) eta 2 euro (joan eta etorri) Elgoibarko Eguneko Zentrora joateko. Eman daitekeen gehieneko zenbatekoa 500 eurokoa izango da urteko eta onuradun bakoitzeko; joan-etorriak lagunarekin eginez gero, urtean 1.000 euroko diru-laguntza emango da.

Laguntza hori jasotzeko eskaerak aurkezteko epea azaroaren 11n amaituko da, eta eskaerak, eskatzen den dokumentazioarekin batera, Udaleko Gizartekintza Sailean entregatu behar dira.