Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak apirilean Errebalerako erabileren inguruko proposamena aurkeztuko du

2013/03/22

Gobernu-taldearen proposamen berri horretan autobus-geltokia, zerbitzu- eta aisialdi-lekuak eta estalitako alde bat sartu dira. Asmo horrekin helburu bi bete nahi ditu: alde batetik hiriaren premiei erantzungo dien leku bat izatea eta inguru hartako merkataritza-jarduera biziberrituko duen erreferentzia deigarri bat sortzea.

Eibarko udalak, Aste Santu ostean, Errebal kalean dagoen udal titulartasuneko orubeak izan ditzakeen erabileren inguruko proposamena aurkeztuko du. Bere sasoian herriko plaza edo azoka zegoen bertan, eta gaur egun txandakako parking gisa erabiltzen da. Udalak diseinatu duen proposamena sortzen joan da, erakartzeko gaitasuna duten etxe handiekin eta eraikuntza-enpresekin, leku hartan, merkataritza-zentroa jartzeko egin diren gestio guztiak ondo ez ateratzean. Martxoan zehar aurkeztu zaie konponbide berria udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiei, baita Eibar Merkataritza Gune Irekiari ere.

Aukera hori zabaldu baino lehen, Eibarko udalak txosten bat eskatu zion Merkataritzari Laguntza Teknikoa eskaintzeko Kabineteari,  balorazio-txosten bat, merkataritzak gaur egun duen egoera zein den azaltzeko eta Errebalen Merkataritza Zentro bat egiteak merkataritzan izango lukeen eragina nolakoa izango litzatekeen jakiteko. Udalak egindako eskaera horri erantzunez, otsailean, txosten bat aurkeztu zuten. Bertan ondokoak islatu zituzten: merkatuaren joerak,  hirietako merkaritza-zentroen errealitatea eta balorazio teknikoa. Emaitzak ematerakoan esaten dute beraiek ez dutela gomendatzen Errebaleko orubean merkataritza-zentro bat jartzea.

Txosten horretan agerian uzten da, krisialdi ekonomikoko testuinguru honetan, Errebalen merkataritza-zentro bat sortzeko bideragarritasunari buruzko zalantzak handiak direla. Eta, ildo horretatik, estudioak edo azterlanak beste aukera batzuk garatzea gomendatzen du.

Udalaren proposamena jendaurrean aurkeztu ondoren, proposamen hori kontrastatzeko eta hobetzeko dinamika bat martxan jarriko da, ahalik eta adostasun handiena izango duen konponbide bat bilatuta.