Udalak 247.000 euro inbertituko ditu Ipuruako estali gabeko igerilekuetako aldagelak eraberritzen

2016/05/25
Lehiaketara irten da uda ostean egitekoa den obra; aldagelen eremu osoan eraberritze integrala egingo da instalazioen kalitatea hobetzeko eta zerbitzu hobea eskaintzeko erabiltzaileei.

Eibarko Udalak lehiaketara atera du Ipuruko estali gabeko igerilekuetako aldageletan eraberritze integrala egiteko obra, 247.633 euroko lizitazioaren oinarrizko prezioarekin (299.636 euro BEZarekin); jarduketa aurreikusita zegoen aurtengo udal aurrekontuetan, eta haren helburua da instalazio horiek eraberritzea, erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

Prozesua ireki da, eta obra exekutatzen interesatuta dauden enpresek ekainaren 14ra arteko epea izango dute euren eskaintzak aurkezteko. Proposamenak aztertu ostean, Udalak adjudikatu egingo ditu lanak; asmoa da obrak uda-garaia amaitzen denean hastea adjudikazioa lortzen duen enpresak, irailean edo urrian, eta 14 asteko epea izango du horrek kontratua betetzeko. Horrela, datorren urtearen hasierarako egongo litzateke bukatuta obra.

Ipuruko estali gabeko igerilekua 1989an eraiki zen. Aldagelak dauden eraikinaren sotoan, igerilekuen gela teknikoak daude (andelak, iragazkiak, klorazio-sistemak, birzirkulazio-punpak…). Beheko solairuan, igerilekuaren maila berean, aldagelak daude (emakumezkoenak zein gizonezkoenak), harrerarako eta jantzitegirako gunea, komunak eta tabernarako eremu bat. Teilatu laua du, eta terraza bat dago bertan, solariuma izateko zolatuta.

Lehiaketara atera den proiektuaren helburua da beheko solairua eraberritzea, haren instalazioak berritzeko, eta, horrela, horiek hobetuta eta modernizatuta, konfort handiagoa eskainiko zaie erabiltzaileei, eta, aldi berean, horrelako instalazioei buruzko araudia beteko da eta haietarako irisgarritasuna erraztuko da. Aldagelak dauden beheko solairu horrek 357 metro koadroko azalera eraikia du, eta 289 metro koadroko azalera baliagarria.

Eraberritze-obrarako proiektuaren arabera, kontserbazio-egoera onean dago eraikina oro har, baina hainbat moldaketa egin beharra dago irisgarritasuna errazteko. Era berean, instalazioak eta materialak berriztatu beharra dago, erabiltzaileentzako kalitatea hobetzeko eta egokitu ahal izateko instalazioak erabiltzen diren modura. Eraikinaren teilatua egoera onean dago, eta ez du estankotasun arazorik, lehen taberna zenaren eremuan izan ezik (gaur egun itxita), horretan itoginen bat dago eta.

Honako obra hauek egin behar dira, besteak beste: zenbait horma eraistea, zurajeak eraikitzea, aparatu sanitarioak eta iturgintza-instalazioak jartzea, azuleju, manpara, zur-lan eta horma berriak jartzea, margotzea, kanpoko arotzeria aldatzea (leiho eta ate guztiak aldatzea) eta instalazio elektrikoa aldatzea.

Gainera, argi guztiak berriztatuko dira, arruntak zein segurtasunekoak; instalazio hidrauliko berria jarriko da; ur-beroko sistemak aldatuko dira; komunetako aparatu sanitarioak eta dutxetako txorrotak berriztatuko dira; ur beltzak biltzeko sistema berri a jarriko da; eta, azkenik, megafoniako eta suteen aurkako instalazioak aldatuko dira.

Jarduketa hau da gobernu-talde sozialistak agintaldi honetarako ezarri zituen helburuetako bat, hiriaren kirol-instalazioak hobetzeko arloan. Ildo horretan, Miguel de los Toyos alkateak esan du: “proiektu honekin segitzen dugu apustu egiten Kirol Patronatuaren instalazioak eta ikastaroen eta jardueren eskaintza etengabe hobetzearen eta modernizatzearen alde, erabiltzaileek gozatu ahal izan dezaten kirol-eskaintza zabal eta askotarikoa, kirolaren azken joerak ere barne hartuta”.

Udalak 247.000 euro inbertituko ditu Ipuruako estali gabeko igerilekuetako aldagelak eraberritzen

Ipuruako estali gabeko igerilekuak. Argazkia: www.eibarkirola.com