Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 15 egun baino gehiago darama hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga (plusbalioa) tramitatzeke

2017/03/10

Eibarko Udalak ez du zerga horren kitapenik egingo harik eta neurriak zehaztu arte. Konstituzio Auzitegiak otsailaren 16an eman zuen epaiaren ondoren Eibarko Udalak 18 erreklamazio jaso ditu zerga horren inguruan. Udalak ganorazko erantzun bat emango du erreklamaziook arretaz aztertu ondoren.

Eibarko Udalak gerarazi egin du Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren izapidetzea edo tramitazioa Konstituzio Auzitegiak 2017ko otsailaren 16an eman duen epaiak adierazitakoan oinarrituta:  Konstituzioaren kontrakotzat jotzen du balio gehikuntzarik gabeko egoeretan zerga hori kobratzea.

Udalak, zuhurtziaz jokatu nahian, zerga horren kitapenak ez egitea erabaki du Auzitegi Gorenaren epai horretatik eratorritako eraginak argitzeko dagozkion neurriak hartzen ez diren arte.  

Udal zerga bat izan arren Foru Aldundiko Batzar Nagusiek arautzen dute, eta haiek dira zerga hori Auzitegi Gorenaren epaiak ezarritakora egokitu beharko dutenak.  Asmoa hauxe da: Udal guztiekin adostu ondoren, hemendik denbora gutxi barru zerga horren erregulazioa epai horretara egokituta izatea eta kitapenak edo likidazioak berriro egiten hastea.

EUDELek, Euskadiko udalen elkarteak, orain dela egun batzuk adierazpen hau bidali digu udal guztioi: "Epaian bertan ondoriozta daitekeenez, foru araugileari dagokio araudia aldatzeko dagozkion neurriak hartzea, epaia betearazteko xedez." Ildo horretatik abiatuta, hauxe gaineratzen du: "EUDEL eta Foru Aldundia elkarrekin ari dira lanean, horren eraginak aztertzeko eta adostutako proposamen bat egiteko."

Komunikatu horretan gomendio hau eman digu: "Aipatutako zergari dagokion likidaziorik ez egitea, Konstituzio Auzitegiaren 2016ko otsailaren 16ko epaitik eratorritako eraginak argitzeko asmoz dagozkion neurriak hartzen ez diren arte". Era horretan saihestu ahal izango dira arau-aldaketa horrekiko kontraesanetatik ondoriozta daitezkeen arazoak. 

Konstituzio Auzitegiak emandako epaiaren ondoren, Eibarko Udalak 18 erreklamazioa jaso ditu hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergari buruz (plusbalioaren zerga izenez dazaguguna). Erreklamazio horiek guztiak eta etor daitezkeenak Udalaren erantzun egokia jasoko dute.