Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 125.000 euroko aparteko ekarpen bat egitea erabaki du gizarte-behar larrietarako laguntzen eskaerei erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak emango duena ez baita nahikoa

2015/07/27

Osoko Bilkurak, PSEren eta Bilduren botoekin, erabaki hauek hartu zituen, gainera: langabeentzako eta pentsiodunentzako laguntzen diru-saila handitzea, SD Eibar babesteko kontratuaren kostua ordaintzeko behar den kreditua aurrekontuan sartzea, eta Kalamua judo-elkarteari diru-laguntza bat ematea, Eibarren irailean Espainiako 1. Jiu Jitsu Kopa antolatzeko. EAJk eta Irabazik kontrako botoa eman zuten.

Eibarko Udalak aparteko osoko bilkura izan zuen hilaren 23an, eta udal aurrekontuko kreditu gehigarriei buruzko espediente bat onartzea erabaki zuen zenbait gairi aurre egiteko. Izan ere, gai horiei presazko eta beharrezko iritzita, aurrekontuko diru-sailak handitu beharra zegoen. Aldaketarik nabarmenena Gizarte-behar Larrietarako Laguntzak (GLL) ordaintzeko diru-sailean 125.000 euro gehiago jartzea izan da, Eusko Jaurlaritzak ─arlo honetan eskumena duen erakundeak─ ez baitu diru nahikorik emango laguntza horietarako. Hala, Udalak ahalegin ekonomiko berezia egin behar izan du.

Eusko Jaurlaritzak aurten 289.400 euro emango dizkio Eibarri gizarte-behar larrietarako laguntzetan, baina urtea amaitzerako 125.000 euro gehiago beharko dira, itxura batean, laguntza-eskaerei erantzuteko. Gogoratu beharra dago 2013an bertan 100.000 euroko aparteko laguntza bat ematea erabaki behar izan zuela Udalak, eta 2015eko udal aurrekontuetan, Jaurlaritzaren ekarpena berriro ere nahikoa izango ez zelakoan, Eibarko Udalak bere poltsikotik 50.600 euroko diru-sail bat jarri zuela. Orain, kopuru horri 125.000koa gehituko zaio, nahiz eta eskumena Eusko Jaurlaritzari dagokion.

Miguel de los Toyos alkateak esan du Udalak berretsi egin duela hartuta daukan konpromisoa Eibarren bizi den eta gizarte-behar larrialdiko laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituen inor laguntzarik gabe ez geratzeko. “Legez ez badagokigu ere, ez ditugu jaramonik egin barik laga nahi krisi-garai hauetan laguntza eske udaletxera etortzen diren familiak”.

Udalak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen-falta zuzentzeko hartu duela erabaki hori, eta erakunde horri bere eskumenak bere gain hartzeko eskatu dio, eta Udalari 175.000 euro horiek itzultzeko.

Bestalde, Udalak 2.400 euro gehiago jarriko ditu baliabide gutxiko langabeentzako eta pentsiodunentzako diru-laguntzen diru-sailean, udal laguntza horiek jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzun ahal izateko.

Ekainaren 19rako eskaerak 344 ziren, eta haietatik 311 onartu zituen Udalak. Horrek 46.650 euroko gastua egitea dakar, udal aurrekontuan gordetako diru-sailekoa baino gastu handiagoa, kopuru hura 45.000 eurokoa baitzen. Beraz, kreditu-aldaketa egin beharra gertatu da.

Aurreko asteko osoko bilkura bereziak, azkenik, aurrekontuan 100.000 euroko diru-sail bat gehitzea erabaki zuen, SD Eibar babesteko kontratu bat egiteko hark Eibar Energia Hiria marka susta dezan. Eta kreditu-aldaketa bat egin du, Kalamua judo-elkarteari 9.000 euro emateko, elkarte horrek Eibarren Espainiako 1. Jiu Jitsu Kopa antola dezan irailaren 25ean.

Lau kreditu-aldaketa horiek PSEren eta Bilduren botoekin onartu zituen Udalak. EAJk eta Irabazik kontrako botoa eman zuten.