Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udal-webguneko orrialde nagusia goitik behera eraberritu da

Udal-webguneko orrialde nagusia goitik behera eraberritu da

www.eibar.eus-en azal edo orrialde nagusia.

2017/07/06

Helburua da udalaren online komunikazioa hobetzea, baita edukien irisgarritasuna hobetzea eta sustatzea ere.

Aurrerantzean, udal-webguneko azal edo orrialde nagusiak diseinu eta egitura berria izango ditu. 2016-2019 Komunikazio-proiektuaren baitan udal web-orria (www.eibar.eus) eguneratzea dago; proiektua Tokiko Gobernu Batzarrak onartu zuen 2016ko abenduaren 23an. Diseinu berriaren bitartez, sarearen bitartez egiten den komunikazioa hobetuko da, eta orokorrean, kanpora begira egiten den komunikazioa.

Orrialde nagusiaren diseinua eta egitura ia goitik behera aldatu ziren 2015ean, baina edukiak etengabe berritzea gomendatzen da. Horrekin batera, egitura apur bat aldatuta eta eduki berriak sortuaz, irisgarritasuna hobetuko da.

Gero eta gehiago erabiltzen dira mugikorrak web-guneetara sartzeko; beraz, responsive diseinua –gailu ezberdinetan ikus daitekeen orrialde berbera– erabiltzen jarraituko dugu, weba edozein smartphone edo tabletetik ikus dadin. Helburua da erabiltzaileek bilatzen dutena topatzea.

Orain arte bezala, webak hondo zuria edukiko du, irakurterraza izan dadin. Era berean, kolore korporatiboak erabiliko dira: gorria, urdina eta zuria.

Azal edo orrialde nagusiak izango dituen edukiak, besteak beste, ondorengoak dira: albisteak; albiste motz edo laburrak eta abisuak; atal bereziak (kultura, gardentasuna, turismoa eta herritarrei harrera); agenda; aldakorrak izango diren atalak kanpaina edota promozio ezberdinei buruzko informazioa emateko; bideoak; osoko bilkuren bideoteka; eta, erakundearen menpe dauden beste webgune batzuk erakusteko atala.

Komunikazio- eta gardentasun-taldeak diseinatu du web-orriaren sarrera berria, Codesyntax enpresarekin eta antolaketa-teknikariarekin eta informatika-arduradunarekin batera.

Kulturako mikrositea

Bestalde, 2015eko uztailean, Kulturari zuzendutako atal berezi bat sortu zen www-eibar.eus-en. Aipatutako mikrositearen helburua da www.eibar.eus/kultura udaleko kultur eragileak batu eta kultura, euskara eta gazteriaren arloetan, besteak beste, gauzatzen diren ekimenen berri ematea.

Web guneak batzen dituen atal nagusiak honako hauexek dira: Portalea Kultura Etxea, Coliseoa, Juan San Martin Udal Liburutegia, Udal Eskolak –“Juan Bautista Guisasola” Herriko Musika Eskola, Margo Eskola, Zeramika Eskola eta Udal Euskaltegia- Euskara eta Gazteria. Gainera, Arrateko Aterpetxea, Armagintzaren Museoa, Egoibarra Batzordea, Eibarko euskara edota herriko jaiekin lotutako informazio eta dokumentu interesgarriak herritar ororen esku jarri dira.

Ana Telleria zinegotziaren hitzetan, “udal-webgunearen portada berdiseinatzearen helburuak agintaldi honetan Gobernu Irekia Ordezkaritza martxan ipini genueneko berbera izaten jarraitzen du: hiritarrengandik gertuen dagoen instituzioa, Udala, beren Udala, hurbiltzea, eta ez dugu zalantzarik eibartarroi eta web-gunean sartzen diren gainontzeko herritarrei gure jarduera eta eskaintzen ditugun zerbitzuei buruzko informazio zehatza, egiazkoa eta erabilgarria eskainita, euren bizi kalitatea hobetzen eta euren proiektu personal eta profesionalak gauzatzea errazten ari garela. Web-guneko lemak dioen bezala, zure zerbitzura gaude eta.”

Erlazionatutako elementua

Eibarko Udalaren lehen Komunikazio Plana prest