Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udal batzarrak aho batez onartu zuen Kaleratzeak Stop Desahucios-en mozioa

2013/01/29

Udalaren esparrutik jarduteko zailtasunak eta mugak hor badaude ere, bidegabea eta jasan ezina dela deritzoten egoera baten aurrean, etxe-uztarazteena, adierazpena egitea ezinbestekoa delaren ustean, Eibarko Udal Batzarrak, atzo urtarrilaren 28an ospatutako ohiko bileran, aho batez onartu zuen “Kaleratzeak Stop Desahucios Debabarrenak” aurkeztutako mozioa.

Honenbestez, talde guztiek ontzat eman zuten, plataformak eskatu bezala, honako erabakiak hartzea:

  1. Espainiako Gobernuari eta Gorteei hipoteken arauen aldaketa presaz onartzeko eskatzea, eta aldaketa horretan orain arte egindako hipotekei atzeraeraginarekin aplikatzea etxea ordainean ematearen figura –higiezinen  burbuilaren garaia kontuan izanik-; horrela, ohiko etxebizitzaren kasuetan, banketxeak hipoteka exekutatzen baldin badu eta etxebizitza bereganatu, zor osoa (zor nagusia gehi interesak eta epaiketa-kostuak) kitatuta gelditu dadila, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala.
  2. Egungo hipoteka legea aldatu arte moratoria onartzeko eskatzea Estatuko Gobernuari. Moratoria horrek, hipoteka sinatu ondoren eta beraien borondatearen kontra kaudimen gabezia egoerara iritsi diren pertsona eta familiak beraien ohiko etxebizitzetatik kaleratzeko prozesuak gelditzeko balio behar du. Eta orain arte egindako milaka kaleratzeen ondorioei erantzuteko, berriz, premiazko neurriak har ditzala kaleratzeen ondorioz banketxeak eskuratzen ari diren milaka etxebizitza huts kaleratuak izan eta errekurtsorik ez dituzten familien esku jartzeko alokairu sozialeko erregimenean.
  3. Kutxetako batzarretako udal ordezkariei agintzea banketxeei eskatu diezaietela ohiko etxebizitzetatik kaleratzeak ekiditeko helburua izango duen plan bat martxan jartzeko, kaltetutako familiekin alternatibak negoziatuz, hala nola, moratoriak edo ordezko alokairuak.
  4. Hipoteka legearen aldaketa onartu arte pertsonak eta familiak kaleratzeko prozedurak gelditzeko eskatzea banketxeei; eta Udal Gobenuari, berriz, moratoria eskaera hori onartu gabe hipoteka exekuzioak egiten jarraitzen duten banketxetatik Udalaren diruak ateratzeko beharrezko neurriak hartzeko.
  5. Etxetik kaleratutako pertsona eta familiei informazioa emateko eta laguntzeko konpromisoa hartzeko; eta etxea kentzeko mehatxupean daudenei, berriz, kaleratzea gelditzeko behar besteko aholkularitza emateko eskatzea Udal Gobernuari. Horretarako telefono bat eta posta elektroniko helbide bat jartzea kaltetutako pertsonei kasu egiteko.
  6. Udal honek konpromisoa hartzen du elkarlanean aritzeko kaleratzeak salatzen eta kaleratzeen aurka borrokatzen duten erakunde sozialekin. Horretarako, lantaldeak sortuko dira -edo horrelakorik ezean, lan ponentzia bat- larritasun handiko kaleratze prozesuan dauden pertsona eta familiei laguntzeko programa bat sortzeko aukera aztertzeko. Talde horiekin diagnostiko komuna egiteko konpromisoa hartzen da, horrela, dagokion eremuetan urratsak eman ahal izateko.
  7. Udalak egun erabiltzen ez dituen egoitza erabilerarako edo gizarte larrialdirako baliabideak aktibatzea herrian kaleratu dituzten familiei laguntzeko, betiere, ohiko etxebizitzetatik kaleratuak izan badira.
  8. Erabaki horien berri ematea STOP Desahucios plataformari, herrian sukurtsalak dituzten banketxeei, Estatuko Gobernuari, Kongresuko eta Senatuko talde parlamentarioei, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari.

 

Udal batzarraren bileran bertan, Alkateak otsailean zehar Eibarren bulegoak dituzten finantza.erakundeekin biltzeko asmoa agertu zuen, hartutako erabakiaren berri emateko eta baita, euren hipotekak ordaindu ezinagatik, etxea galtzeko arriskuan egon litezkeen familien berri jaso eta euren alde pertsonalki egin ahal izateko.