Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udaberriko bonuen kanpaina, herriko dendetan erosketak deskontuekin egiteko ekimena abian da

Udaberriko bonuen kanpaina, herriko dendetan erosketak deskontuekin egiteko ekimena abian da

Udaberriko bonuen kanpaina aurkezteko prentsaurrekoaren irudia.

2017/03/24

Edizio berri honetan kanpaina sektoreka egingo da; aurrenekoa pertsonaren ekipamendua izango da eta erosketak deskontuekin egin ahal izango dira 70 bat dendetan. 40 euroko prezioa duten bonuek erosketetan 50 euroko gastua egiteko aukera emango dute, martxoaren 27tik apirilaren 29ra arte. Kanpaina Eibar Merkataritza Gune Irekiak antolatu du, Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin.

Udaberriari ongi-etorria emateko beherapen kanpaina berriz ere martxan jarri du Eibar Merkataritza Gune Irekiak, Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin. 40 euroko prezioa izango duten erosketa-bonuek erosketetan 50 euroko gastua egiteko aukera emango dute. Datorren astelehenean, martxoak 27, jarriko dira salmentan txartelak, agortzen diren arte, Eibar Merkal Gune Irekiko bulegoan (Untzaga 7an, Artola jatetxearen ondoan) eta esku-dirutan edo kreditu-txartelarekin ordain daitezke.

Bonuak martxoaren 27tik apirilaren 29ra arte izango dira erabilgarri kanpainan parte hartu eta kartel bat duten establezimenduetan. Edizio berriak, berriz, nobedade edo berritasun adierazgarri bat dakar: kasu honetan, kanpaina sektoreka egingo da. Lehen fase batean, datorren astean hasita eta apirilaren 29ra arte, aldez aurretik EMGIan erosi behar diren bonuekin erosketak egin ahal izango dira pertsonaren ekipamendua sektore ezberdinen dendetan. Jarraian, maiatzaren eta ekainaren bitartean, sektore ezberdinei zuzendutako erosketa-bonuen beste bi fase gauzatuko dira.

Hortaz, lehen kanpaina honetan pertsonaren ekipamenduko sektore ezberdinen herriko 70 bat dendek hartuko dute parte: arropa eta osagarriak (35 denda); oinetako dendak (11); lentzeria eta mertzeria (6); optika eta audio-zentroak (8); erloju-denda eta bitxi-denda (4); kirolak (1) eta saltoki handiak (1). Horietako denda batzuk sektore ezberdinetako sail edo atalak dituzte. Hala ere, bonuak, soilik, balioko dute pertsonaren ekipamenduarekin lotutako erosketak egiteko.

Bonuak pilatu daitezke eta bezeroak nahi izanez gero, bonu bakoitza bi dendatan edo establezimendutan egindako erosketetan zatikatu daiteke, bakoitzean gutxienez 25 euroko erosketa eginda. Hala, gastua erraztu nahi da, izan ere; ostalaritzan ohikoa da gastua 50 eurora ez iristea erosketa bakarrean.

Kanpainak eskaintzen dituen abantailez gozatzeko honako baldintza hau bete behar da: erosketa-txartelak Eibarren erroldatutako pertsonek erosi ahal izango dituzte. Hortaz, pertsona horiek beren NAN erakutsi beharko dute EMGIn txartela erosteko orduan. Pertsona bakoitzak bono bakarra eros dezake.

Era honetako ekimenen arrakasta ikusita, EMGIk bultzatutako kanpaina berriaren xedea Eibarko dendetan beren erosketak egiten dituzten eibartar bezeroei % 20ko deskontuak eskaintzea da. Modu horretan, merkataritza suspertu, bezeroak fidelizatu eta establezimendu zein erosleentzako mozkinak eta onurak lortu ahal izango dira.