Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Telelaguntza zerbitzua: 600 eibartar baino gehiago dira Eibarko Udalak kudeatzen duen zerbitzu hori darabiltenak

2016/03/01

Sistema horri esker, deitzen duenak berehala eskuratzen du osasun-laguntza: botoi bat sakatu eta osasun zerbitzuekin zuzenean konektatzen da. Erabiltzaile gehienak pertsona nagusiak eta bakarrik bizi direnak dira. Udalak, hori dela-eta, hauxe argitu nahi du: enpresa pribatu bat ere zerbitzu berbera eskaintzen ari dela, baina zerbitzu publikoak kobratzen duena baino hamar bider garestiago. Beraz, norbaitek sistema horren premia badu, Eibarko Gizartekintza Sailak kudeatzen duen sistema erabiltzera bultzatu nahi du Udalak.

683 eibartar dira etxeko telelaguntza zerbitzuaz gozatzen dutenak, Eusko Jaurlaritzak eskaini eta Udal honek bere Gizartekintza Sailaren bitartez kudeatzen duen zerbitzua; horri esker, erabiltzaileek laguntza jasotzen dute urgentziazko kasuetan.  

Telelaguntza hauxe da: erabiltzaileak berak aldean daraman alarma moduko bat. Zerbitzu honek berehalako laguntza eskaintzen die bakarrik bizi diren pertsonei, eta zerbait gertatuz gero, etxean jausiz gero edo osasun larrialdiren bat izanez gero, botoia sakatu besterik ez dute egin behar. Segituan jarriko dira osasun-laguntzak hartu emanean pertsona horrekin, zer gertatu den galdetu eta osasun-baliabideak bidaliko dizkio.

Telelaguntza zerbitzu hau nahi duten pertsona guztiek eduki dezakete, baina, noski, baldintza batzuk betez gero. Hilean 4 euroko tarifa da ordaindu behar den zenbateko bakarra. Hala era, Eibarko Udalak jakin duenez, azken aste hauetan Madrilen kokatutako enpresa bat Eibarko hainbat etxetara ari da deika, telelaguntza zerbitzu hau berau hilean 40 euro kobratuta eskainiz.

Horren aurrean, Udalak hauxe azaldu nahi die eibartarrei: enpresa hori egiten ari den eskaintza legezkoa dela zeharo, baina horretan interesatuta daudenei Udaleko Gizartekintza Sailarekin hartu emanean jartzea gomendatzen die, horixe baita Eusko Jaurlaritzari zerbitzu hori eskatzeko bidea; gainera, enpresa pribatuak egiten duen eskaintza baino hamar aldiz merkeagoa da.

Etxeko telelaguntza zerbitzu honen funtzionamendua benetan ona da; asko dira darabiltenak. Idoya Sarasqueta zinegotziak, Gizartekintza Saileko buruak, hauxe azaldu du: "Zerbitzu horri esker pertsona nagusiak ez dira isolatuta geratzen zerbait gertatzen zaienean, larrialdi-egoeretan; esate baterako, horri esker, pertsona bat etxean jausten bada ez da egongo orduak eta orduak lurrean botata eta mugitu ezinda, horrek pertsonaren organoei dakarkien arriskuarekin."

etiketak: Telelaguntza, Bizileku