Proyde-Proega GKE-ak Udalak sustatutako hezkuntza-programak aurkeztu ditu

2013/02/05
Gobernuz kanpoko erakundeak, gizartetik baztertuta geratzeko arrisku egoera larrian dauden gazteen alde dihardu lanean Malvinas Argentinas Cordobako auzoan.

Eibarko udalaren laguntzari esker Argentinan burutzen ari den hezkuntza-programak aurkezteko, Proyde-Proega tokiko gobernuz kanpoko erakundeak Eibarko udala bisitatu du. Proiektuak Argentinan duen arduraduna, Nicolas Chamorro, alkatearekin bildu da proiektuaren lehenengo fasearen emaitzak aurkezteko. Lehenengo fase hori amaituta dago eta 2013. urtean hasiko den proiektuaren helburuak ere zeintzuk izango diren erakutsi zituen.

 

Proyde-Proega tokiko GKE-a Argentinan ari da garatzen gizarte-bazterketako egoera larrian dauden gazteen sustapen integralerako programa Córdoba hiriaren aldirietan dagoen lekurik istilutsu eta baztertuenean, Gazteen Etxeak, “Hector Valdivielso” herri-eskolarekin koordinatuta, bultzatzen duen programa. Ekimen horri esker gazteak eskolan txertatu edo lanbidean ipini nahi dira, autoenpleguaren bitartez, eskola-errefortzu jarduerak antolatuta; prestakuntza teknikoa, lan-norabideak eta giza babesa eskainita; horrez gain, kalean bertan daudela ere, gazte horiei lagundu egin behar izaten zaie.

 

Orain arte Gazteen Etxearen lehenengo zatia eraiki dute eta aurreneko programak garatzen hasiak dira. Proiektu honen bigarren fasea “Gazteen Etxea” eraikin berria jasotzean, gizarte-hezkuntzazko tailer berriak martxan ipintzean eta emakumeen arteko topaleku berri bat eratzean datza; azken asmo hori emakumeen eskubideen alde egitearren eta emakumeak eta umeak babesteko xedez.

                                      

Hain zuzen ere aurten hasiko den proiektu horri 64.096 euroko diru-laguntza bat eman zaio, izatez, 2012. urteko laguntza-deialdiari dagokiona. Esan behar da baita Eibarko udalak 2011. urtean ere 63.475 euro jarri zituela proiektu honen lehenengo zatia garatzeko. Bigarren etapa edo fase honetan, Malvinak auzoaren 3. sektorean aurkitzen den "Hector de Valdivielso" eskolaren hezkuntza- eta gizarte-sustapenerako programa sendotu eta finkatu nahi da hango azpiegiturak handituta eta arrisku egoeran dauden gazteei prestakuntza eskainita, batik bat neskatilei.

 

Helburu hori lortzeko gauza bi egingo dira: alde batetik, Gazteen Etxearen eraikuntzaren bigarren fasea osotzea, horretarako 55 m2-ko boluntarioen gela bat eginda, eta bestetik, etorkizunean bateragarriak izango diren 3 geletako zimenduak ipintzea. Beste alde batetik, gizarte-hezkuntzazko tailerrek ere aurrera egingo dute, baita emakumeak elkartzeko eta emakumeak eta umeak babesteko topalekuak ere.

 

Proiektu honek emaitza hauek lortu nahi ditu: alde batetik, auzo horretan baliabide gutxi duten gazteak eskolan, gizartean eta kulturaren alorrean txertatzea Gazteen Etxe legez funtzionatuko duen eraikin baten 2. fasea eraikita; eta bestetik, epe ertainera, Gazteen Etxe hori handituta, sektore horretako gazteei eskaintzen zaizkien jarduerak, hezkuntza-, gizarte- eta kultura-jarduerak, hobetzea eta dibertsifikatzea.