Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Podemos-Ahal Dugu nagusitu da Eibarren 2015eko hauteskunde orokorretan

2015/12/21

Alderdi berriak 3.750 boto (% 24,92) lortu ditu Kongresurako. Senaturako, berriz, EAJ-PNVko hiru kide eta Podemos-Ahal Dugu taldeko bat aukeratu dute eibartarrek. Parte hartzea % 70,38koa izan da, 2011ko % 68,78aren aurrean.

Espainiako Kongresurako eta Senaturako ordezkari politikoak hautatzera deituak izan ziren atzo, abenduak 20, eibartarrak. Goizeko 09:00etan hasi, eta arratsaldeko 20:00ak arte, eibartarrek beren botoa emateko eskubidea erabili ahal izan zuten.

Gauzak horrela, Eibarren Podemos-Ahal Dugu nagusitu da 2015eko hauteskunde orokorretan. Alderdi berriak, guztira, 3.750 boto jaso ditu, hautestontzietara joan diren eibartar guztien artean, % 24,92.

Bigarren indar politikoa EAJ-PNV izan da 3.327 botorekin, % 22.10. 2011. urteko datuekin alderatuta, jeltzaleek behera egin dute Eibarren, orduan 3.504 boto lortu baitzituzten, hau da, % 23,13ko babesa jaso zuten.

Hirugarren alderdi bozkatuena PSE-EE izan da 3.138 botorekin, hau da, % 20,85a. Sozialistek ere behera egin dute nabarmen 2011ko datuekin konparatuta, izan ere; duela lau urte 4.310 boto lortu zituzten, hots, % 28,45a.

Laugarren indar politikoa Eibarren EH-Bildu izan da 2.376 botorekin, alegia, % 15,79. Bostgarren postuan PP alderdiak jaso ditu boto gehien, 1.330rekin ( % 8,84). Beste taldeek bezala, alderdi popularrak ere behera egin du 2011ko datuekin alderatuta, izan ere; duela lau urte 2.048 boto (% 13,52) lortu zituen.

Gainontzeko alderdiei dagokienez, IU-UPeCk 469 boto jaso ditu (% 3,12), C’s-ek 416 (% 2,76), PACMAk 76 (% 0,50), UPyDk 31 (% 0,21), RECORTES CERO-GRUPO VERDE taldeak 24 (% 0,16) eta Ln alderdiak 6 (% 0,04).

Gipuzkoa mailan, berriz, Podemos-Ahal Dugu taldeak 2 diputatu lortu ditu Kongresurako, EAJ-PNVk beste bi eta EH-Bilduk eta PSE-EEk diputatu bana lortu dute.

Senatuan

Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, eibartarrek EAJ-PNV alderdiko hiru senatari eta Podemos-Ahal Dugu alderdiko bat aukeratu dute.

Eibarren, Senaturako hautagaien artean, lehenengo postuan 3.384 botorekin (% 8,06) María Eugenia Iparraguirre Bemposta aukeratu dute hiritarrek. Jarraian, Victoriano Gallastegui Altube 3.257 botorekin (% 7,75). Hirugarren postuan, Imanol Querejeta Ayerdi, 3.235 boto, % 7,70a.

Bestalde, Podemos-Ahal Dugu alderdiko José Ramón Arrieta Arrietak, 3.133 boto lortu ditu, % 7,46a.

Gipuzkoa mailan, egoera berdina bizi izan da: 3 senatari lortu ditu EAJ-PNVk (María Eugenia Iparraguirre Bemposta, Victoriano Gallastegui Altube eta Imanol Querejeta Ayerdi) eta bakarra Podemos-Ahal Duguk (José Ramón Arrieta Arrieta).

Parte hartzea

2015eko hauteskunde orokorretan parte-hartzeak nabarmen egin du gora Eibarren, oraingoan hautestontzietara joateko deituta zeuden eibartarren % 70,38ak botoa eman baitu, 15.142 pertsona guztira. Guztira, 21.515 eibartarrek parte har zezaketen hauteskunde orokorretan. Horrenbestez, abstentzioa % 29,62koa (6.373) izan da, 2011an baino txikiagoa, orduan eibartarren % 31,22a (6.929) ez baitzen joan hautestontzietara.