Plaza Barria koexistentzia gune izango da: hala hobetuko da saltokien martxa eta oinezkoen mugikortasuna

2017/06/12
Udal ordezkariak auzokideekin eta saltzaileekin elkartu ziren, jada onartuta dagoen proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.

Aurten jarriko dira martxan Plaza Barria koexistentzia-gune bihurtzeko lanak. Tartea Fermín Calbetón kalearen amaieratik Bidebarrieta kalearen hasierara joango da, San Andres elizaren aurrean. Proiektua onartuta dago jada, eta Udala lanean ari da obrak abiatu daitezen. 274.989 euroko aurrekontua dago (BEZa barne) eta lau hilabete eta erdiko epea lanak burutzeko.

Udalak gardentasuna sustatzen du hark burutzen dituen jardueretan, eta horregatik, arduradun politikoek eta teknikoek bilera egin zuten atzo inguruko auzotar eta saltzaileekin. Bileran, proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkieten. Plaza Barriko lanak salerosketa jarduna duten kaleak eta oinezkoen guneak hobetzeko proiektuan sartuta daude.

Eibarko saihesbidea martxan jarri zenetik, kale honetako trafikoa asko txikitu zen, baina, oraindik ere, ibilgailuen joan-etorri asko dago. Gainera, oinezko ugari ibiltzen da, Eibarko erdi-erdian dagoelako eta saltoki asko dagoelako bai Plaza Barrian baita inguruko kaleetan ere. Gauzak horrela, urteak dira kalea trafikoarentzako itxi egiten dela asteburuetan.

Proiektuak honako lanak hartzen ditu: saltokien espaloiak zabaldu, gutxienez hiru metrora arte; eta kalea moldatu, galtzada eta espaloiak altuera berean egon daitezen. Zoruan bi motatako materialak egongo dira: espaloietan granitozko harlauzak eta galtzadan aglomeratu inprimatua. Horrez gain, hiri-altzari berriak jarriko dituzte, giroa atseginagoa izan dadin; eta, herritarrek hala eskatuta, zabor-edukiontziak tokiz aldatuko dituzte.

Lanen ondoren, galtzada estuagoa izango da orotara, bi alboetako aparkaleku mantenduko dira eta ibilgailuak igarotzeko errailak lau metro eta erdi edukiko ditu. Horrekin batera, Bidebarrietako zoladura eta espaloiko zuhaitzak berrituko dituzte, Plaza Barria eta Zuloagatarren kalea elkartzen diren tokian, San Andres elizaren plazatxoaren ondoan.

Inguruko zakar-ontziak berrituko dituzte, baita zutikako seinaleak ere eta Crataegus laevigata espezieko 11 elorri zuri landatuko dituzte.

Kalea berritzeko lanak pauso bat gehiago dira oinezkoen mugikortasuna eta saltokien martxa laguntzeko asmoan. Pausoz-pauso ari dira zentroko kaleak koexistentzia gune bihurtzen: Toribio Etxebarria izan zen lehenengoa, eta beste batzuk moldatu zituzten gero: Egogain, San Agustin, Untzaga (Guridi zeharkalea), Estaziño, Zuloagatarrena edo Legarre.

Plaza Barria koexistentzia gune izango da: hala hobetuko da saltokien martxa eta oinezkoen mugikortasuna

Plaza Barria.