Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Pegorak 64.700 arreta-ekintza eskaini zituen 2015ean, tramiteak bideratzen eta hiritarrei informazioa ematen

2016/04/18

Kopurua mantendu da aurreko urtekoaren antzeko, eta barne hartzen ditu Udaletxearen bulegoan bertan eskainitako arreta-ekintzak eta telefonoz egindakoak. Biztanleen Erroldako ziurtagiriak, edukiontzi morroietarako poltsak, "Mugi txartela”, beste erakunderen bati lotutako tramiteak, eta argibideak ematea telefono, helbide edo ordutegiei buruz… gehien eskaini diren arreta-ekintzak.

Eibarko Herritarren Zerbitzurako Bulegoak, Pegorak, 2015. urtean 64.700 arreta-ekintza baino gehixeago eskaini zituen guztira; zenbateko horrek barne hartzen ditu, bai Pegoraren bulegoetan bertan (Udaletxearen beheko solairuan, Untzaga plazan) egindako aurrez-aurreko arreta-ekintzak, 58.353 tiket eman baitziren bulegoan; bai telefonoz egindako argibide-eskaerak, 5.052; bai telefonoz egindako tramiteak, 1.356. Horrela, Pegoraren arreta-ekintzen zenbatekoak iazkoaren antzeko mailan mantendu ziren, eta ikusten da herritarrentzako arreta-ekintzen kopurua egonkortu dela aurreko urteetakoen aldean.

Untzaga plazako bulegoko txanda-sistemak 58.353 tiket eman zituen, eta horien ondorioz 82.049 jarduketa egin ziren. Arreta-ekintza gehiago izan dira tiketak baino, tiket bat duen pertsona batek eskatu baititzake zerbitzu edo jarduketa mota bat baino gehiago. 82.000 zerbitzu horietatik, hauexek eskatu ziren gehien, hurrenkera honetan: biztanleen Erroldako ziurtagiriak ematea (20.000 baino gehiago), gai organikoen edukiontzietarako poltsak eskatzea, Mugi txartela, Erroldan altak edo bajak ematea eta aldaketak egitea, eta Eusko Jaurlaritzari lotutako tramiteak.

Horietaz gain, honako arlo hauetan ere eskaera ugari egin ziren: telefono-zenbakiak, intereseko helbideak, garraiobideen ordutegiak, txakurren kakak hartzeko poltsak eskatzea, zergak, banku-helbideratzeak eta ordainagirien kopiak, obra-lizentziak, konpultsatzeak, langile-hautaketa eta ikastaroetan matrikulatzea.

Pegoraren aurrez aurreko arreta-ekintza horiek baloratzeko orduan, Bulegoko arduradunek egiaztatu dute, besteak beste, Mugi txartelaren inguruko arreta-ekintza gehiago egon direla, edukiontzi marroirako poltsen banaketa eta kontrolari buruzko gutxiago egon direla Mankomunitateak saltzeko bi makina automatiko jartzearen ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren tramiteei lotutako arreta-ekintza gehiago egon dela, telefono-zenbakiak, helbideak eta garraio publikoaren ordutegiak gehiago eskatu direla, eta biztanleen Erroldari eta udal-zergak kobratzeari lotutako tramiteak gutxiago izan direla.

Beste erakunderen batekin zerikusia duten arreta-ekintzei dagokienez, Pegoran 281 sarrera egin ziren Aldundirako, eta 2.389 Eusko Jaurlaritzarako, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari zuzendutako idatziak Udalaren Erregistroan aurkezteko lankidetza hitzarmenaren ondorioz. Bi kasuetan, dezente handitu da jarduketa-kopurua, aurreko urtetik (2014an 160 izan ziren Aldundirako, eta 1.929 Eusko Jaurlaritzarako).

Pegoraren telefonoaren bidez herritarrei emandako informazioaren eta telefonoz egindako tramiteen kopurua antzekoa izan da 2015ean eta aurreko urtean. Telefonoz gehien eskatu zen informazioa intereseko telefonoei eta helbideei buruzkoa izan da, batez ere Eibarko erakunde publikoenak, garraiobideen ordutegiak, eta langileen kudeaketa. Eta telefonoz gehien eskatu ziren tramiteak izan ziren zergak bankuan helbideratzea, eta biztanleen Erronka agiriak egitea eta etxera bidaltzea.

Pegoraren arreta-ordutegiari dagokionez, aipatzekoa da zerbitzua erabili zutenen % 89,20k erabili zuela goizez, eta gainerako % 10,80k, arratsaldez. Bulegora jende gehien joaten den ordutegia 10:00ak eta 13:00ak artekoa izan zen. Atenditu arte herritarrek itxaron behar duten denbora oso aldatzen da joaten den orduaren arabera. Edonola ere, erabiltzaileen % 62 bi minutuan baino denbora laburragoan atenditzen dira. Eta % 92 atendituta dago, tiketa hartu eta zortzi minutu geroago.

Pegoraren 2015eko jarduerari buruzko ondorioen artean, nabarmentzekoa da itxaroteko eta atenditzeko denbora luzato dela 2014koaren aldean, Mugi txartela tramitatzeari dagokionez, batez ere. Gainera, egindako arreta-ekintzen % 29,30 beste erakunderen baten menpe dauden eta haiei lotuta dauden tramitazioak dira: besteak beste, Mankomunitatea, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.

Eta Eibarko Herritarren Zerbitzurako Bulegoa primeran dabilen seinale, 2015 memoriak agerian uzten du urte oso horretan kexa bakar bat baino ez dela aurkeztu bulegoaren funtzionamenduaren inguruan.