Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Osoko bilkurak zuzenean ikusi ahal izango dira Eibarko Udalaren webgunean

Osoko bilkurak zuzenean ikusi ahal izango dira Eibarko Udalaren webgunean

Udalbatza Aretoa.

2016/03/18

Udal-taldeek adostutako akordioari esker, beste aurrerapauso bat emango da udal-jardueraren gardentasunean.

Aurrerantzean Eibarko Udalak egingo dituen osoko bilkurak, ohikoak zein bereziak, zuzenean ikusi ahal izango dituzte herritarrek, ordenagailuz nahiz Internetera konektatutako bestelako gailuen bidez, streaming izeneko teknikaren bidez. Udal-ekimen honi esker, beste aurrerapauso bat emango da Udala bultzatzen ari den gardentasunean, eta eibartarrei udal-jarduerari buruz ahalik eta informazio gehien eta modurik eraginkorren eta zaluenean emateko ahaleginean.

Gaur bertan bertan, martxoak 18, hasiko dira osoko-bilkuren ‘emanaldiak’: eibartarrek zuzenean ikusi ahal izango dute aurtengo aurrekontuak onartzeko egingo den osoko bilkura berezia, 17:30etik aurrera. Ohiko osoko bilkurak, berriz, hilabeteko azken astelehenetan egiten dira, 19:30etik aurrera.

Emaldia ikusi ahal izateko, Eibarko Udalaren webgunera sartu behar da (www.eibar.eus/eu), eta klikatu goiko eskuinaldean egongo den batzar-aretoaren irudian. Konektatu ostean, zuzenean jarraitu ahal izango da osoko bilkura. Gainera, emanaldiak grabatu eta fitxategi batean gordeko dira; hala, erabiltzaileek edozein unetan ikusi ahal izango dituzte lehenago egindako osoko bilkurak.

Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiak bat etorri, eta aho batez onartu dute proiektu hau ahalbidetu duen akordioa. Grabazioa eta arlo teknikoa, akordioaren arabera, Ikusten Servicios Audiovisuales enpresa eibartarrak egingo ditu; horretarako aurrekontua urteko 7.623 eurokoa da (BEZa barne).

Edozelan ere, ez da lehenengo aldia Eibarko Udalak streaming-en bidez ekitaldiak zuzenean eskaintzen dituela. Noiz edo noiz zuzenean eskaini ditu, Toribio Etxebarria sariak eta Valenciaga Oroimenezko txirrindulari-lasterketaren aurkezpen-ekitaldia, besteak beste. Badu, beraz, nolabaiteko eskarmentua horrelako zuzeneko emanaldietan.