Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Ontziratu zaitez!' kanpainarekin bat egin du Eibarrek

2017/04/05

Eibarko Udalak eta Kutxa Ekoguneak 'Ontziratu zaitez!' kanpaina ipiniko dute abian arrandegi eta harategietan ohikoak diren paper eta plastikozko poltsak murrizteko eta ontzi edo tuperren erabilera bultzatzeko. Kanpainaren ezarpena EH Bilduk 2016ko udal aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa baten ondorioa da, gobernu taldearekin adostuta eta onartuta.

Eibarko Udalak bat egin du apirilean abian jarri eta sei hilabetez luzatuko den Ontziratu zaitez! kanpainarekin. Kanpaina gaur asteazkena, apirilak 5, aurkeztu da, Eibarko Udaletxean jarri den informazio puntu baten irekieraz. Bertan izan dira Kutxa Ekogunea eta udaleko ordezkariak.

Kanpainaren helburuak dira Eibarko dendetan paper eta plastikozko poltsen erabilera murriztea eta herritarren artean kontsumo arduratsuaren aldeko jokaera zabaltzea; aurrera ateratzeko, lehenik, dendariekin kontaktatu da. Hala, herriko 18 establezimendu batu dira ekimenera: Arregui-Dominguez (Behekoa eta Goikoa), Genoveva – Maite, Guillermo, Maite, Merk&to, Soraya eta Vanesa-Gloria arraindegiak eta Artamendi, Beni, Gallega, Majid Amaña, Merk&to, Mugika, Oberena, Otegui, Rayan eta Tienda jardines harategiak.

Bigarren pausoa da herritarrei erosketak tuperrekin egitera gonbidatzea. Horretarako, norberak bere tuperrak erabil ditzake edo kanpainarako sortutako ontziak eskura ditzake 0,5€ren truke. Kanpainaren informazioa Untzaga plazan (Udaletxeko arkupeetan) banatuko da apirilaren 5ean (9.00etatik 13.00etara), apirilaren 6ean arratsaldez (16:30etik 19:30era) eta apirilaren 7an goizez (10:00etatik 13:30era). Ontziak informazio puntuan bertan eskuratu ahal izango dira, 0,5€ren truke etxebizitzako bat stock-a amaitu arte. Guztira 2.100 ontzi banatzea espero da.

Kanpainak dirauen sei hilabeteetan zehar, herriko dendetan erosketak egiteko ontzi berrerabilgarria erabiltzen dutenek zozketa berezietarako txartelak lortuko dituzte. Hilean behin, 25 euroko balioa duten produktuen zozketa egingo da denda bakoitzean, hilero Eibarren ia 500€ sarietan banatuko direlarik.

Gipuzkoan 50 udalerri baino gehiago

Ekimen honekin hiru lorpen egiten direla ziurtatzen dute kanpainaren bultzatzaileek: batetik, erosketak egitea “erosoagoa” izango da. Behin etxera heltzerakoan, ontzia zuzenean hozkailuan sartzeko aukera izango dute herritarrek; modu garbi batean gainera.

Bestetik, saltokientzako kostua murriztu egiten da. Izan ere, ez dute hainbeste paper eta plastikozko poltsa erabili behar izango. Eta azkenik, lehengai gutxiago gastatuko denez, ingurumenarentzat, eta beraz guztiontzat, positiboa da.

Kutxa Ekoguneak 2011ko maiatzean Ontziratu zaitez! kanpaina Hernanin martxan jarri zuenetik, egitasmoa Gipuzkoako ia 50 herrietara zabaldu da. Ordutik hiru urte igaro dira, eta herritarrek ontzien erabilera barneratzen ari dira, eta ingurumena kaltetzen duen hondakin kopurua murrizten ari dira. Eibarren ere bide bera hartzea litzateke kanpaina honen helburu nagusia.