Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Ongi etorri BERBETANera', kultur aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko aukera berria Eibarren

2016/09/14

Eta Kitto! Euskara Elkarteak eta Eibarko Udaleko Gizartekintza Sailak hitzarmen bat sinatu dute 2016-2017 ikasturtean zehar aipatutako programa Urki, Urkizu eta Amañako auzoetan burutzeko.

Eibarren immigrazioak eta kultur aniztasunak sortzen dituen erronkei aurre egiteko asmoarekin, PSE-EE, EH-BILDU eta IRABAZI talde politikoek akordio bat sinatu zuten 2016ko aurrekontuetarako Udalaren lana hobetzeko. Proiektu honekin iritsi berrien integrazioa erraztu nahi da eta Berbetan programaren barruan kokatu da. Horrela, Eibarko Udalak urte asko daramatza etorkinak bertakotzen laguntzen, hizkuntza zein kultura aldetik bertakotzen.

Herriko biztanleriaren % 7a atzerritarra da; 66 naziotasun ezberdin dauzkagu, baina garrantzitsuena da horietatik, gutxienez, lau komunitate hamarkada bat baino gehiago daramatela Eibarren bizitzen eta horien seme-alabak eibartar sentitzen direla hemen jaio eta ikasi izanagatik.

Ongi etorri BERBETANera! proiektuak tokiko kultura eta atzerriko kulturen arteko hurbiltasuna bilatzen du, batez ere presentzia eta partehartze handiena duten kulturena, hala nola, maroko eta bereberrak, senegaldarrak, nepaldarrak, pakistaniak eta latinoamerikako emakumeak, brasildarrak, kolonbiarrak, Ekuadorrekoak, Venezuelakoak edo Nikaraguakoak izaki.

Programaren helburua da Eibarren dugun kultur aniztasuna isladatzea eta kulturartekotasuna indartzea, hau da, batzuon eta besteon arteko harremanak hobetu eta sendotzea. Urki, Urkizu eta Amaña auzoetan ekintza ludikoak eta pedagogikoak antolatuko dira batzuen eta besteen arteko elkarrezagutza errazteko eta bide honetan taberna, denda, elkarte eta auzokideon partehartzea eta sareak sortuko dira.

ETA KITTO! Euskara Elkarteak BERBETAN programan duen esperientziatik, euskal kultura eta euskara ezagutzeko bideak jarriko ditu, eta bitartean kultura elkarteek beren ohitura eta ikuspegiak eskainiko dituzte, Eibarren tokian tokiko kultur artekotasuna eraikiz. Ekintza batzuk ezagunak dira dagoeneko, BARIXAKUAK JOLASIAN esaterako, baina beste ekimen batzuk berritzaileak izango dira, herritarron artean aukeratuko direnak.

Proiektua irailaren 13an, 19:00etan, aurkeztu zen Udaletxeko udalbatza aretoan eta hilaren 16an, 21ean, 27an eta 28an izen-emate kanpainak hasiko dira aipatutako hiru auzoetan. Egutegia zehazten duen diptikoa banatuko da egun horietan, eta herritarren proposamenak txertatzeko aukera emango da. Informazio gehiago behar izanez gero idatzi Miren Baranguan Eta Kitto!-ko kideari (ongietorri@etakitto.eus) edota Jone Morrás, Gizartekintzako Immigrazio teknikariari (immigrazioa@eibar.eus).