Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mintzodromoa, zunba saioa eta globoen aireratzea Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta

2015/12/01

Eusko Ikaskuntzak sortu zuen 1949. urtean. 1995ean, kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak eguna berrindartzeko proposamena egin zuen, eta harrezkero, abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna. Eibarko ikastetxeek egun horretarako antolatu dituzten ekimenez gain, hiri mailan ere hainbat ekitaldi prestatu dira Untzaga plazan: goizean goiz, mintzodromoa; arratsaldean, berriz, zunba saioa, euskararen aldeko leloen irakurketa eta globoen banaketa eta aireratzea egingo da.

Datorren abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatuko da. Egun berezi hori Eusko Ikaskuntzak sortu zuen 1949. urtean. Duela 20 urte, 1995ean, kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak eguna berrindartzeko proposamena egin zuen, eta harrezkero, abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna.

Eibarren ere egun horretan ekitaldi ugari izango dira hizkuntzaren erabilera aldarrikatzeko. Gauzak horrela, hiriko ikastetxe bakoitzak prestatu dituen ekimenez gain, hiri mailan ere hainbat jarduera antolatu dira. Goizean goiz, mintzodromoa izango da Untzaga plazan. Bertan, 10:00etatik 11:00etara bitartean Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleak izango dira; 11:00etatik 12:00etara Batxilergoko ikasleak; 12:00etatik 13:00etara DBH 1 eta 2ko ikasleak; 13:00etatik 14:00etara DBH 3 eta 4ko ikasleak; azkenik, 14:00etatik 15:00etara Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartuko dute.

Arratsaldean, berriz, ekitaldi irekia izango da Untzagan bertan: 18:00etan Zunba saioa izango da euskal musikarekin; 18:30ean Euskararen aldeko leloen irakurketa egingo da; 18:45ean Globoen banaketa eta 19:00etan Globoak batera aireratuko dituzte bertaratuek. Egitarau bikain horren antolatzailea Eibarko euskalgintza izan da, Eibarko Udalaren babesarekin.

Ekitaldi ugari 2009. urtetik aurrera

Eibarren ere aspalditik antolatu izan dira Euskararen Egunean ekitaldiak. Azken urteetakoak honako hauek izan dira: Juan San Martinen Zirikadak eta Eztenkadak liburuen jendaurreko irakurketa; Kantu kantari kalejira; Mintzodromoa; Toribio Etxebarriaren jaiotzaren 125. urteurrena zela-eta, berak idatzitako Flexiones verbales y Lexicon del euskera dialectal de Eibar lanaren jendaurreko irakurketa; Mosaiko erraldoia; euskeriak 365 egun Eibarren.

Euskararen Eguna gogotsu ospatu nahi dugu eibartarrok aurten ere. Urtero legez, Euskara maite dugula eta Eibarren euskaraz bizi nahi dugula nabarmen geratzea da helburua.

Eibarren Euskararen Erabilera Arautzeko Ordenantza

2013an, euskararen alde lanean dabiltzan herriko eragileek Alkateari egindako eskaera aintzat hartuta, eibartarron euskaraz bizi izateko nahiarekin bat eginez eta bide hori errazteko helburuarekin, konpromiso bat hartu zuen Eibarko Udalak: euskararen erabilera arautzeko udal ordenantza bat onartzeko prozesuari ekin, eta araudi berria 2014ko Euskararen egunerako onartzea.

Urtebete pasata, 2014ean, Euskararen Egunean egindako udalbatzarraren bilkura berezian aho batez onartu zen Eibarren euskararen erabilera arautzeko udal ordenantza. Beranduago, jendaurreko informazio aldirako 30 eguneko epea ireki zen, Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 49. artikuluak dioena aplikatuta, bidezkoak irizten diren erreklamazioak eta iradokizunak aurkezteko.