Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Milioi bat euro irisgarritasuna hobetzeko hiru proiektu handi egiteko

Milioi bat euro irisgarritasuna hobetzeko hiru proiektu handi egiteko

Telefonicako etxartea, Julian Etxebarria kalean.

2017/06/02

Jardiñetara igotzeko igogailu bat jartzea, Plaza Barria berriz urbanizatzea eta Mogel-Mallearako sarbideak konpontzea dira planaren muinak. Herritarrek batzarren bitartez jasoko dute proiektuen berri. Gainera, Jardinetako igogailua non kokatu bertako auzotarrek erabakiko dute.

Eibarko Udalak irisgarritasuna hobetzeko hiru proiektu egingo ditu hurrengo hilabeteetan: hiri-zentrotik Jardiñetara igotzeko igogailu bat jarri, Plaza Barrian oinezkoak eta ibilgailuak eroso ibiltzeko gune bihurtu eta Fray Martín Mallea kalea berriro urbanizatu. Hiru kasuetan egingo dira bilerak herritarrekin, proiektuaren berri jaso eta haien ikuspegia plazara dezaten.

Hiruetan pisu handiena hartuko duena Jardiñetako igogailua da, oraindik ere ez delako erabaki non kokatu. Horregatik, Udalak bilera bat antolatuko du Coliseoan, ekainaren 12an, nahi duen guztia joan dadin, eta han azalduko dituzte bi aukeren abantailak eta desabantailak udal teknikariek.

Herritarrek berek aukeratuko dute bi proiektuetatik zein duten nahiago. Bietako bat da igogailua Telefonicako etxartean jartzea (Julian Etxebarria kalea), eta Aldatzeko goialderaino igotzea. Ondoren, pasabide bat egongo litzateke kalera bertara iristeko.

Bigarren aukera da igogailua Muzategin jartzea, eta orduan lanak Errebaleko proiektuaren baitan jasoko lirateke. Erabilera anitzeko gunea da Errebal, eta igogailua kaletik bertatik atera eta Indianokua biribilguneraino joango litzateke. Hortik hasita, bigarren igogailu bat jarriko litzateke Jardiñetaraino. Goian pasabide bat egongon litzateke Jardiñeta bertaraino, egungo eskailera mekanikoen ondoan.

Aukera biak paretsu dabiltza prezioan, 600.000 euro inguru, eta kopuru hori aurrekontuetan sartuta dago jada. Herritarrek erabakia hartu ondoren, eraikuntza-enpresa kontratuko luke Udalak eta lanak udazkenean edo urte amaieran hasiko lirateke. Bospasei hilabete beharko direla aurreikusten da.

Era berean, Plaza Barriko ingurua berriro urbanizatuko da, oinezkoak eta ibilgailuak toki berean eroso ibil daitezen. Zoladura galtzadarri itxurakoa izango da, baina inprimatutako asfaltoa izango da benetan, eta Fermín Calbetónetik Ifar kaleko bidegurutzeraino joango da zatia (Birjiñapera jaisteko eskaileren ondora).

Proiektu honen berri emateko bilera ekainaren 8an izango da; bertara deituta daude auzokideen elkarteetako administratzaileak, saltzaileak eta ostalariak. Orduan azalduko dizkiete obraren epeak eta zer ingurutan eragingo duen. 275.000 euroko aurrekontua dago lanak egiteko, eta bilera egin ostean aterako da lizitazioa.

Mogel-Mallea inguruko obrari buruz ere bilera egongo da. Fray Martin Malleatik San Kristobalerako jaitsieran arazoak daude atarietara sartzeko, eskailera asko baitituzte. Hori konpontzeko, espaloi berria eraikiko da, aparkalekuak berrantolatu eta ura hustutzeko bideak hobetu.

Obrak honen eragina jasango duten sei atarietako bizilagunak ekainaren 14an izango dute bilera, eta han azalduko dizkiete nondik norakoak. 155.000 euroko aurrekontua prest dago eta litekeena da lanak aurten bertan egitea.