Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mendekotasun bat duen senidearen zaintzaileak bere burua zaintzeko ikastaroa

2017/10/20

Doakoa izango da eta Portalean egingo da azaroan, sei saio teoriko-praktikotan. Ildo beretik, Udalak beste ikastaro bat jarri du abian —aurtengo urrian eta azaroan— mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonen zaintzaileei zuzendua.

Eibarko Udalak datorren azaroan ikastaro bat emango du “Norbere burua zaindu besteak zaintzeko” izenekoa, zaintzeko egoerekin lotutako arrisku-faktoreak identifikatzeko eta beren senideak zaintzen dituzten pertsonen autozaintza sustatzeko. Ekimen honen hartzailek Eibarren erroldatuta dauden pertsonak izango dira.

Ikastaroa, doakoa, Udalak antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Sendian programaren bidez. Portalean egingo da azaroaren 9, 13, 16, 20 eta 27an, 15:00etatik 17:00etara. Izena emateko epea zabalik dago eta azaroaren 3an itxiko da Herritarren Zerbitzurako Bulegoan (Pegora). Ikastaroa Matia Fundazioaren adituek emango dute; erderaz izango da eta 12 parte hartzaile izan beharko ditu gutxienez eta 20 gehienez.

Sei saio teoriko-praktiko izango dira guztira; emango diren ezagutza espezifikoek senideei lagundu egingo diete mendekotasun-egoeran dauden pertsonak hobeto zaintzen eta segurtasun gehiago izaten zaintzaile-lanetan. Hortaz, ikastaroak helburu hirukoitza du: informatiboa, hezitzailea eta terapeutikoa.

Ikastaroan honelako alderdiak landuko dira: zaintzaren ondorioak, arriskuak eta alderdi positiboak, zaintzaren mugak, egokitze-faseak eta zereginen banaketa, elikadura orekatuaren garrantzia, aktibitate fisikoa, atsedenaren eta loaren beharra, botikak eta mendekotasuna sortzen duten bestelako sustantziak. Halaber, gai hauei buruz hitz egingo da: antsietate eta oreka emozionala, isolamendua, harreman sozialak eta familia-sarea, norbere burua zaintzea besteak zaintzeko eta autozaintzaren estrategiak.

Hala, saioetan, parte hartzaileek aztertu egingo dituzte zaintzaren ondorio fisiko, psikologiko, emozional eta sozialak; identifikatuko dituzte zeintzuk diren seinaleak eta sintomak, laguntza eskatu behar dugula adierazten dutenak; eta autozaintza-jarrerak ikasiko dituzte, zaintzaileen bizimodua hobetzeko. 

Ildo horretatik, Udalak beste ikastaro bat jarri du abian —urrian eta azaroan— mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonen zaintzaileentzat, non ezagutza teoriko-praktikoak emango diren. Kurtso horretan landuko diren ezagutza espezifikoek senideei lagundu egingo diete mendekotasun-egoeran dauden pertsonak hobeto zaintzen eta segurtasun gehiago izaten zaintzaile-lanetan.