Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Martxoak 21, Arraza Bereizkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna

2015/03/20

Udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak batzen dituen Eibarko udaleko Bozeramaileen Batzarrak, aho batez onartu du hurrengo Aldarrikapen instituzionala

EIBAR, KULTURA ARTEKO HIRI.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak dio gizon-emakume guztiak jaiotzen direla aske, duintasun eta eskubide berberekin; eta gizaki orori dagozkiola aldarrikatutako eskubideak eta askatasunak; ez dela inor bereziko arraza, larru-kolorea, sorterria edo gizarteko jatorriagatik eta ez zaiola begiratuko pertsona zein lurralde edo lurraldetakoa den.  Oinarrizko eskubideak sustatzea; bereizkeriarik ez izatea eta pertsona guztiek aukera berdinak izatea: horiexek dira beste lurralde batzuetatik datozen pertsonak hartzen dituzten sozietateen gizarte-kohesioaren eta bizikidetzaren funtsezko giltzarriak. Horrelakoxea dugu Eibar ere: herri-hartzaile.

Beste lurralde batzuetatik datozen pertsonak eskubideak eta betebeharrak dituzten hiritarrak dira. Aske izateko eskubidea; tratu berdina izatekoa; aukeratzeko eskubidea; adieraztekoa; osasun-laguntza eta gizarte-laguntza jasotzeko eskubideak. Gure hiriaren zati dira eta zati aktiboa gainera.  Eskubide horiek errespetatuta,  euskal gizartearen eta haren administrazioen erronka elkar bizitza antolatzean datza, eta hortaz, eginbeharrak onartzean, elkar ezagutza sustatzean, pertsona guztien artean komunitate egitea lor dadin.  Zeregin hori erakundeei dagokie, baina baita gizarte osoari ere: norbanakoak, familia, eskola, gizarte-zerbitzuak, osasun eremua, lan-arloa, kulturarena eta politikarena. Denena da eginbeharra.

 Eibar, gure hiria, beste hainbat eta hainbat herri bezala, denboran zehar izan diren migrazio-mugimendu guztien emaitza dugu.  Eibartarrok 66 estatu desberdinetan jaiotakoak gara. Gure herriko biztanleetatik % 7 atzerritarra da eta % 27 EHAEtik kanpo jaiotakoa.  Hemen errotu dira bizilagun horiek, udalerriari sekulako kultura-aniztasun aberatsa eman diotenak; gune publikoetan eta herriaren eremu ekonomikoan, sozialean eta kulturalean agertzen den aberastasuna.  Gune eta esparru horietan guztietan sortzen dira hartu eman berriak, kulturen arteko ukimenez aberastuak; baita eremu pribatuan ere.  

Erronka zirraragarria da immigrazioa  etorkinak hartzen dituzten gizarteendako eta erakunde publikoendako.  Denoi dagokigu lan egitea  gizarte sarrarazle bat taxutzeko; hiritar guztiak, bai bertakoak, bai atzerritarrak, nondik datozen begiratzeke, berdintasunez, bere magalean  hartuko dituena. 

Esandakoak aintzat hartuta, Eibarko Udalak,

 

            - Aitortzen du jatorri- eta kultura-aniztasuna, migrazio- eta bertakotze-prozesuen ondorio den hori, Eibarrek oso berezkoa duen ezaugarria dela eta horren garrantzia nabarmendu nahi du hiritarren aurrean. 

            -  Konprometitzen da udalaren lana berdintasunaren eta bereizkeria-ezaren printzipioetan garatzen segitzera, kulturen arteko elkar bizitzaren eta gizarte-kohesioaren izenean.  

            - Baieztatzen du prozesu hau dinamikoa dela, norabide bikoa; eta udalerrian bizi diren guztiak, bertakoak eta atzerritako immigranteak, elkar ezagutzea eta elkarrekin moldatzea eskatzen du; baita administrazio publiko guztiak egokitzea eta esku hartzea ere.

            - Lotzen da  burutuko dituen politiketan eta ekintzetan atzerritarren premia espezifiko horiek kontuan hartzera eta,  kultura desberdineko eta hainbat jatorritako pertsonen arteko elkarreragin  positiboa, ekintza komunitarioak bultza dezan sustatzera.

            - Sustatuko du beste lurralde batzuetatik datozen pertsonen parte hartze aktiboa udal bizitzan, batik bat, alderdi ekonomikoetan, sozialetan eta kulturaletan.

            - Ahalegin berezia egingo du pertsonen kontrako bereizkeria-egoerak salatzen eta egoeroi aurrea hartzen haien  sexua, nazionalitatea, jatorri etnikoa edo kulturala, sexu-orientazioa, ezintasuna edo sinesmena dela-eta.

            Horregatik, Eibarko udalbatza osoak adierazten duguna da,  irmoa dela gure konpromisoa, lanean jarraitu eta pertsona guztien benetako berdintasuna lortzeko; eta herritarrei dei  egiten diegu eta gonbidatu, urte osoan zehar, hiritarrak gizarteratzeko, elkar ezagutzeko  eta kultura desberdinen arteko elkarbizitza sendotzeko udalak  antolatzen dituen ekimen guztietan parte hartzera.