Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mantentze lanak eta konponketak herriko eskailera eta arrapala mekanikoetan

Mantentze lanak eta konponketak herriko eskailera eta arrapala mekanikoetan

Kateen aldaketa Ego Gaineko lehenengo ataletik hasiko da. Argazkia I. A.

2014/06/20

Joan den ostiralean hasi ziren Eibarren zehar banatuta dauden 14 eskailera mekanikoen maila kateen pixkanakako aldaketa, laister ekingo zaio baita ere San Kristobal kalean dauden arrapala mekanikoen konpoketari. Mantentze zuzentzaile lan hauen bidez mugikortasunari hainbat laguntzen dioten eskaileren funtzionamendu ona bermatu ahal da.

Aldatu behar diren kateak eskaileren mekanismoaren oinarrizko piezak dira. Eskailera atal bakoitzak kate hauetako bi ditu, mailak garraiatzen dituztenak. Haien funtzioa eta etengabeko lana direla eta, matxurak eragin ditzakeen higadura handia pairatzen dute. Eguraldiaren eraginpean egoteak ere ez die mesede egiten, eta euriteek, joan zen urtean ikusi genituenak bezalakoak, kaltetu egiten dituzte. Kateen aldaketa honekin, azken boladan ikusi izan diren eta hain gogaikarri diren etenaldietatik libre dagoen zerbitzua bermatu nahi da eta, aldi berean, eskailerak abiadura motelean hainbestetan erabili behar izatea saihestu.

Mantentze-lan zuzentzailea denez gero, lan hauen kostua Schindlerrekin, mantentzearen esleipendunarekin, bere egunean egindako kontratuaren barruan dago.

Asteburu honetan zehar Ego Gaineko eskaileretako aldaketa bukatu eta gero, kateen aldaketa aurreikusita duten hurrengo atalak Jardiñetakoak, Tiburzio Anituakoak eta Legarrekoak izango dira. Eta horiek bukatutakoan, aste batzuen ostean, aldaketak herrian ditugun beste 14 atalak aldatu arte luzatuko dira.

 

San Kristobaleko arrapala mekanikoen konponketa

Aste honetan sinatu da ere, konpoketaren ardura hartuko duen Schindler etxearekin San Kristobal kalean dauden bi arrapala mekanikoen konponketarako kontratua. Badira aste batzuk arrapalak geldituta daudela, arrapalen ondoan dauden Jose Antonio Mogeleko etxeetan egiten ari diren berrikuntza lanek eragindako kalteen erruz.

Nahiz eta sinatu den kontratuaren arabera esleipendunak gehienez lau asteko epea izan bi arrapalen konponketa burutzeko, bere esku dagoen guztia egingo du Schindlerrek lanak ahalik eta azkarren bukatzeko, arrapalak ahalik eta goizen berriro martxan izan daitezen. Kaltea konpontzeko arrapalen goiko transmisioaren errodamenduak aldatu beharko dira, eta hori lortzeko transmisio osoa atera beharko da, garabidun kamioia erabiliz, esandako errodamenduak aldatu eta transmisioa berriro bere lekura bueltatu.

Arrapalen matxura azkeneko aste hauetan J. A. Mogeleko etxebizitzetan egin diren lanetan zehar zabarki ateratako obra-hondakinek eragin dute. Zabor hauek arrapalen gainera erori eta mekanismoen barnera sartu dira, eta, ondorioz, makina hondatu egin dute. Matxura obraren ardura duen enpresaren errua izan denez, konpoketen kostua ere, hark ordainduko du.